Esklerosi anizkoitzaren aldeko saskibaloi txapelketa Aretxabaletan

Zuriñe Velez de Mendizabal 2013ko uzt. 9a, 14:45

Uztailaren 12tik 14ra egingo dute aurrenekoz hirunako saskibaloi txapelketa Aretxabaletan esklerosi anizkoitza dutenen alde dirua batzeko. Atzo arratsaldean, aurrekari bezala, gaixotasunaren gaineko solasaldia egin zuten Arkupen. Bertan izan ziren, besteen artean, Haritz Irizar biologoa eta ikerlaria, eta baita esklerosia duen Asier de la Iglesia Natra-Oñatiko saskibaloi jokalaria ere.

Esklerosi anizkoitza ardatz hartuta, Aratz Losadak gidatutako saioa egin zuten atzo arratsaldean Aretxabaletan. Gaixotasunaren gaineko berbaldia egin zuten, baina ez zen modu zientfikoan soilik landu gaia, kasu errealen gainean ere egin baitzuten berba.

Eta horretarako, bi gaixoren testigantzak jaso zituzten bertaratu zirenek; hala, Asier de la Iglesia saskibaloi jokalariak eta Iñaki Garmendia arraunlari eta atleta ohiak euren bizipenak kontatu zituzten.

Ez zen norabide bakarreko solasaldia izan; bertaratu ziren herritarrek euren kezkak-eta konpartitu zituzten Arkupeko gonbidatuekin eta horiek erantzun eman zizkieten galderei. Besteen artean, gaixotasunaren berri jakitean nola erreakzionatu zuten jakin gura izan zuten ikus-entzuleek, nolako efektuak igartzen diren... Arlo zientifikoa Haritz Irizarrek landu zuen, gaixotasuna ikertzen diharduen biologoa, hain zuzen.

Hirunako saskibaloi txapelketa

Asteburuan hirunako saskibaloi txapelketa egingo dute Aretxabaletan esklerosi anizkoitza dutenen alde dirua batzeko. Asier de la Iglesiak adierazi duenez, garrantzitsua da horrelako ekimen bat ibarrean egitea, beti egiten baitira hiriburuetan.

"Gainera jendeak esklerosia zer den jakitea garrantzitsua da eta saskibaloiaren bidez bizi kaliteatea hobetze aldera dirua batzeko aukera izango dugu. Badakigu Donostiatik-eta etorriko direla, baina Gustatuko litzaiguke jende gehiago Debagoieneko jende gehiagok emango balu izena".

Ekimena antolatzen ari den Gorka Alartziak, berriz, ibarreko jende guztia animatu gura izan du asteburuan txapelketan parte hartzera. "Ez du axola saskibaloian jokatzen dakigun ala ez, garrantzitsuena ekimenaren atzean dagoen solidaritatea eta ongi pasatzea da. Parte hartzaile bakoitzeko, 10 euro ematen zaizkio Ademgi elkarteari".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak