Aretxabaletako liburutegia: ezaguna bezain arrotza herritar askorentzako

Zuriñe Velez de Mendizabal 2013ko uzt. 5a, 12:15

Irakutzeko ohiturak aldatu al dira? Herritarrek irakurtzen al dute? Eta erabiltzen ote dute aretxabaletarrek liburutegia? Horiexek, Arkupeko liburuzainek argitu dituzten zalantzetariko batzuk.

Askotariko liburuz betetako apalak eta isiltasuna. Horiekin hornituta egoten dira liburutegiak, batez ere. Aretxabaletakoa 2008a ezkero dago Arkupen, eta oraindik ere herritar batzuek ez dakite bertan dagoenik, Nerea Altuna liburuzainaren esanetan. "Hainbatek uste dute udaletxe atzeko lorategi ondoan jarraitzen dugula eta harrituta etortzen dira gugana".

Bost urte dira kultur etxean daudela; bost urte 150 metro koadroko tokia utzita 400 metro karratutara igaro zirela. Aldaketa nabarmena espazioari dagokionez. "Hirutan dago tokia banatuta, helduen eta haur eta gazteen liburutegia daude eta baita Txiki-txokoa ere, 6 urte arteko umeentzat egokituta". Hala azaldu digu Joseba Lopez de Armentia arduradunak. Harekin batera Nerea Altunak eta Izaskun Leibarrek egiten dute lan.

Irakurtzeko zaletasuna

Arkupeko liburuzainen ustez, aretxabaletarrek badute irakurtzeko ohitura. "2.745 herritarrek dute bertako txartela eta 2012an 16.900 mailegu inguru egin genituen".

Askotariko liburuak irakurtzen dituzte: "Helduek, batez ere, gaztelaniaz, eta best-seller-ak izaten dira". Horren harira, 50 sombras de Grey liburua beti dago erreserbatuta, Lopez de Armentiaren esanetan.

Haur eta gazteek ere irakurtzen dute, "baina ezberdintasunak daude". Umeek euskaraz irakurtzen dute, batez ere, eta gazteek gaztelaniazko liburu gehiago kontsumitzen dituzte. "Gainera, 16-18 urte bitartean liburutegira gutxiago etortzen dira". Eta generoari begiratuta, Altunaren esanetan, Aretxabaletako nerabeen artean mutilek baino neska gehiagok irakurtzen dute.

Ohitura aldaketak

Azken urteetako ohiturei erreparatuta, beste toki askotan bezala, liburutegira joaten direnen jarduteko moduak aldatu dira. "Esate baterako, lehen jende ugari etortzen zen lanak egiteko-eta liburuak kontsultatzera. Orain ez dira ia entziklopediak erabiltzen, ditugun ordenagailuak baliatzen dituzte informazioa bilatzeko".

Bestalde, eta liburu digitalek azken urteetan edukitako arrakasta ikusita, herriko liburutegian ez dute aukera hori, oraingoz. "Legalki ezin dira liburu digitalak mailegatu. Beste hainbat tokitan liburu elektronikoak erosi eta horiek mailegatzen dituzte, baina klasikoekin, eta ez liburu berriekin".

Bularretik Mintzora

Irakurtzeko zaletasuna gaztetatik sustatzea garrantzitsua izaten da, "landu egin behar den zerbait, gainera".

Hala, irailean Bularretik Mintzora egitasmoa ipiniko dute martxan herrian, ume txikien irakurketa ohiturak bultzatzeko. "Liburutegia, eskolak eta gurasoak uztartzen dira bertan eta irailean irakasleentzako formazio saioekin hasiko gara".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak