Ainhoa Cabero: "Pintura oso zabala, erabat subjektiboa eta positiboa da"

Zuriñe Velez de Mendizabal 2013ko eka. 28a, 18:00

Arte Ederrak ikasi zituen Ainhoa Caberok eta bere lanen errepasoa jasotzen duen erakusketa irekiko du Arkupen astelehenean.

Astelehenetik aurrera zure lanak egongo dira ikusgai Arkupen.

Inbentarioa deitzen den erakusketa da. Ilusioz egiten dut, baina ez da erakusketa tematikoa izango. Beharra neukan pinturaz disfrutatzen hasi nintzenetik honako nire lanen errepasoa egiteko; atzera begirako bat dela esango nuke.

Orduan, zure ibilbidearen bilakaera jasotzen duzu bertan?

Bai. 6-7 urte nituenean egindako marrazki batetik hasita fakultate garaira egiten dut salto; orduan, esperimentazio garaia bizi izan nuen, eta hori islatzen da. Eta karrera amaituta, gaur arteko zenbait lan biltzen dira. Gutxi gorabehera, 35 lan aukeratu ditut. Guztiak ez dira koadroak izango: tinta txinatarrez eta akuarelaz eginiko lanak daude, baita argazki batzuk ere...

Gazte-gaztetatik erakarri zaitu alor honek.

Egia esateko, ez dut nire bizitza pintura gabe gogoratzen. Etxera fakturak iristen zirenean, barrukoa atera eta gutun-azalak margotzen nituen txikitan! Afizio bat baino gehiago da, daukadan behar bat.

Eta ogibidea.

Bai. Kultura etxeko pintura irakaslea naiz. Haurrei, gazteei eta helduei irakasten diet. Izan ere, nire filosofia pinturaren bitartez ongi pasatzen irakastea da. Pinturak ez du beste ekintzekin zerikusirik, zabalagoa da eta askotariko emaitzak ditu. Oso gauza subjektiboa da eta gauza positiboak ematen ditu: autoestimuarentzako ona da, psikomotrizitatea lantzen da eta frustrazioa ezabatu...

Eta hori guztiori erlaxatuta egonez gero lortzen da; zure buruarekin erlazio berezia sortzen da orduan, eta disfrutatzen ikasten duzu. Oro har, emaitza aitzakia bat da, ongi pasatzea eta une berezia bizi izatea baita helburua.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak