Paiju Peak-en hegoalde arriskutsua

Goitik behera datozen izotz blokeak, harriak, eta elur-jausiak, horiek dira Alberto Iñurrategik, Mikel Zabaltzak eta Juan Vallejok Paiju Peak igotzeko aukeratu duten bideak gordetzen duena. Karakorumgo 6.600 metroko mendi eder horren hegoaldean eguazkiak jotzen duen momentutik ez da giro. Eta mendizale euskaldunak dagoeneko jabetu dira horretaz, susto bat baino gehiago izan dute-eta. 

Basque Team taldeko mutilak dagoeneko bide alternatibo baten bila hasita daude, berehala konturatu dira-eta hasiera batean aukeratu zuten bidea tranpa hutsa dela. Zapatuan oinarrizko kanpalekua utzi eta zama handia aldean hartuta –bakoitzak 16 kilo inguru– 1.000 metroko desnibela igo zuten, eta kanpaleku berria jarri. Harriak erortzen ziren etengabe, eta arduraduta zeuden horregatik. Hala, goiz jaikitzea pentsatu zuten, tenperatura hotzarekin arriskua txikiagoa izango zela pentsatuta.

Goizaldeko 04:30ean hasi ziren lanean, eta izotzezko koska gogor bat gainditu ostean atseden hartu zuten: "Orduan konturatu ginen aurrez aurre genuena ez zela oso erakargarria. Korridore estua eta serac asko zintzilik (izotzezko blokeak). Zer egin erabakitzen ari ginen momentuan apurtu zen euretako bat, eta ia gureganaino iritsi zen. Hain zuzen, pasa behar ginen lekura erori zen izotz blokea, hau da, 20 minutu lehenago esnatu izan bagina bete-betean harrapatuko liguke. Hura ikusita behera egitea erabaki genuen, baina jaitsiera ez zen gozoa izan behar. Zona arriskutsua zen, Juanek korridore bat igo zuen beste aldean zer zegoen ikusteko, eta bitartean behean geratu ginen gu, zain, eguzkia jotzen hasiko zen beldur. Juan berri txarrekin etorri zen, handik ez zegoen pasatzerik, eta beherako bidea hartuta aurreikuspenak bete ziren, harriak hasi ziren erortzen, gertu".

Alberto Avalakof bat prestatzen hasi zen (izotz zubi bat, rapela egiteko helduleku moduan erabiltzeko) "eta momentu horretan mikrouhin baten tamainuko izotz zati bat gure buruen gainetik pasa zen. Tentsio handiko momentuak izan ziren, ahalik eta azkarren jaisten ahalegindu ginen eta Juan izan zen leku segurura iristen lehena. Orduan, harriak ostera ere jausten ari zirela abixatu zigun. Uzkurtu, burua makurtu, eta pioletei heldu genien ondo, kolperik ez hartzeko ixaropenaz. Beherantz jarraitu genuen, bihotza ahotik irten beharrean, leku segurura iritsi ginen arte".

Apur bat lasaitzen ahalegindu, eta beste bide baten bila hasi ziren. Baina ez zuten nahikoa material, eta aurreko kanpalekura jaitsi ziren. Han, atzo hilak 24, Vallejok oinarrizko kanpalekurako bidea hartu zuen, tripetako minaz atseden hartzera. Eta, Vallejo eta Iñurrategik gora egin zuten ostera, bide berriaren bila. Orduan konturatu ziren, akaso, ez dela ekipo harinekin egiteko eskala aproposena, baina garbi dute, ahalegina egingo dute.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.