Integrazioaren aldeko haziak herrian ereiten

Zuriñe Velez de Mendizabal 2013ko eka. 25a, 10:51

Berria da Gu Haziak Gara laguntza elkartea. Sei lagunek osatuta dago: bost emakumezko eta gizonezko bat; bost etorkin eta aretxabaletar bat.

Helburu argi batekin sortu zen: integrazioaren alde lan egitea. "Baina hori bi noranzkotan bideratu dugu, bai etorkinei eta baita herritarrei begira. Batzuk gizarteratzeko besteek ere zerbait ipini behar dute euren aldetik". Hala eman du aditzera Paloma Martinez elkarteko kideak.

Langabeen irudi ona indartuz

Bertakoen eta kanpokoen arteko puntu komun bat topatu dute batera jarduteko: langabezia. "Denoi eragiten digunez hortik abiatu gara". Aretxabaletan sortu den laguntza elkarteak hiru helburu ditu eskuartean. Batetik, langabezian dauden pertsonen irudi positiboa erakutsi gura dute: "Lan barik gaude, bai, baina horrek ez du esan gura alferrak garenik. Proaktiboak gara".

Gu Haziak Gara elkarteko kideen iritziz, langabezian dauden pertsonen irudia hobetzen da geldi barik zerbait egiten arituz gero. "Baina kanpokoek izan dezaketen irudiaz gain, norberari ere laguntzen dio aktibo egoteak, hobeto sentitzen baitzara, zure burua gehiago baloratzen duzu".Eta horretarako proposamen jakin bati heldu diote: ortu ekintzak eramaten dituzte aurrera.

Herriari zerbait itzultzea

Bigarren xedea, herriari zerbait itzultzea dela azaldu du Martinezek: "Herriak gauza pilo bat ematen dizkigu: kaleetako iturrietako ura, jolastokiak, liburutegia, interneta... Barneratuta daukagu guzti horiek doakoak direla eta ez da hala. Norbait ordaintzen ari da eta guk momentu honetan lan konkreturik ez daukagunez, gure ekintzekin zerbait itzuli dezakegu".

Hori horrela, ortua ipintzeko uzten dizkieten lurrak txukuntzen dituzte, esaterako. Baina buruan bestelako ekintzak dituzte gertuko etorkizun batetan lantzeko; esaterako, herriko horma batzuk margotzea. 

Ekoiztutakoa banatu

Hirugarren asmoa, parte hartzen dutenen mesedetan zerbait ekoiztea dela eman dute aditzera. "Lantzen ditugun lurretatik zerbait eskuratuz gero, parte hartu duten guztien artean banatuko dugu, direla tomateak, letxugak..."

Toki ezberdinetatik laguntza

Caritasen babesean jaiotako elkartea da Gu Haziak Gara. "Oso harreman ona daukagu. Parrokiako lokalak uzten dizkigute, eta bertan elkartzen gara astero. Tailerrak egiten ditugu, edo hitzaldiak, bilerak..." Bestalde, elkarteko kideek euren ekintzak aurrera eramateko behar duten dirua ipintzen du baita ere Caritasek. "Ahalik eta diru gutxien erabiltzen saiatzen gara, nolanahi ere. Aukera daukagun guztietan gauzak berrerabiltzen ditugu, esaterako".

Bestalde, ortuentzako baliatzen dituzten lurrak herritarrek utziak dira. "Kalean bertan Jausoro hotelaren atzean, lur zati txiki bat utzi digu jabeak ortua ipintzeko. Gainera, Jesus Osinaga baserritarrak Oron ehun metro koadroko lursaila  ipin du elkartearen eskura".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak