Amaitu da denboraldia UDArentzat, eta, orain arteko presidente Juan Mari Enekotegik azaldu duenez, positiboa izan da urtea. Ekainaren 20an egindako agerraldian, Enekotegik zuzendaritza batzorde berria aurkeztu zuen: Adrian Merino izango da datozen bi urteetan UDAko gidari. "Merinorekin batera lantalde sendoa arituko da, indartsua. Lehen egondako batzuk bueltatu egin dira, eta kide berriak sartu; gazteak batzuk, emakumezkoak besteak...".
Kirolean urte ona
Denboraldiko balantzearen harira, ona izan da urtea Igor Arenatza Kirol zuzendariaren iritziz: "Ohorezko ErregionalMailako taldeak laugarren amaitu du; gazte, kadete eta hasiberriek ere oso urte ona egin dute".
Futbolaz gain, beste kirol arlo batzuetan eginiko lana izan du hizpide Enekotegik: "Areto futbolean kategoria berria sortu da eta taularen erdian amaitu du urtea. Karatean garaipen garrantzitsuak erdietsi dira, eta maila bikaina dago. Eta pilota tradizioa da UDAn".
Andramaixetan ziklismoa
Txirrindularitzari dagokionez, Andramaixetako Leintz Bailarako proba izango da abuztuan: "Aurten ia ez da antolatzen, egoera ekonomikoagatik, baina lortu egin dugu. Eskerrak eman gura dizkiegu Aretxabaletako komertzioei eta baita Udalari ere, 75. lasterketa hau antolatzen laguntzeagatik".
Bestalde, Emakumeen Bira antolatzen lagundu duten herritar guztiei eskerrak eman dizkiete UDAko zuzendaritzakoek. "Eta baita Copreciri ere".
Harreman onak lantzen
Enekotegik zortzi urte egin ditu elkartearen zuzendaritza batzordean, azken biak presidente moduan. "UDAren irudia aldatu egin dugula iruditzen zait. Ibarreko zein kanpoko kirol elkarte eta federazioekin harremanak estutu ditugu, oso ongi konpontzen gara eta hori igarri egiten da". Bestalde, Enekotegik azpimarratu gura izan du kirolaren bidez beste balio batzuk transmititzearen garrantzia. "Duela bi urte Eskua proiektua sortu zen, eta gazteekin lan egiten da. Garrantzitsua da pertsona moduan hazteko".
Batzar orokorrerako deia
Batzar orokorra egingo du UDAk uztailaren 5ean, egubakoitzean, 18:00etan, Arkupen.