Ibilaldi horretan 1.000 metro egin zuten gora, paretaren magalera iristeko beste 500 metroko desnibela igo behar duten arren. Zain duten harrizko hormatzarrera egindako gerturaketan horretan ezin izan zuten berau ondo aztertu, erasoa noiz joko duten aztertzeko beharrezkoa dena. Paretaren oinarrian (4.800 metrotan) egon beharko dute horretarako, askotan dauden arroka eta izotz luiziak saihestu ahal izateko eta segurtasuna bermatzeko.
Azken komunikazioan azaldu dutenez, zapatu arratsaldean oinarrizko kanpalekutik ostera ere ateratzeko asmoa zuten, 1.000 metroko desnibela igotzeko, eta bertan lo egiteko. Eta, gaur, domeka, goizean goiz, paretaren oinarrira heldu nahi zuten lehen azterketa sakona egiteko. Eta bihar, astelehenean, itzuliko lirateke kanpalekura atseden hartzeko; dena dela, egunean bertan paretara bueltatzeko asmoa dute eskalada hasiko duten eremuraino materiala garraiatzeko.
Paiju Peak 2013 Espedicioa, esan bezala, eguaztenean heldu zen kanpamentu nagusira eta puntu horretatik gora egingo dute gailurrera (6.610 metro) heltzeko ahalegina, mendiaren hegoaldeko aurpegi esploratu gabetik.