Aretxabaletarrei proiektu berria azalduko die Hiruatxek

Zuriñe Velez de Mendizabal 2013ko eka. 15a, 18:45

Hiruatx elkarteak proiektu berri bat dauka eskuartean eta datorren eguaztenean, ekainak 19, aurkeztuko du jendaurrean. Horretarako udaletxe zaharraren kanpoaldean elkartuko dira 18:0etan eta herritar guztiak gonbidatu dituzte bertaratu daitezen.

Proiektu ugaritan hartu du parte Hiruatxek azken urteetan; Ginea Ekuatorean egitasmo bat abiarazi zuen 2007an eta 20011n berriz, Brasilen. "Epe motzeko proiektuak dira, bi urte ingurukoak. Martxan ipintzen lagundu ondoren bertakoek hartzen dute gidaritza".

Mundukidek Afrikan, Nlassa-Cabo-Delgado korridorean bultzatzen duen programa orokorraren parte da herriko elkarteak aurrera atera gura duena, Hiruatxeko kide Iñigo Truebak azaldu duenez. Hori horrela, Mozambike iparraldean garatuko dute euren egitasmoa datozen urteetan. "290 nekazari inguruk hartuko dute parte, gainera".

Nekazaritza ardatz

Izan ere, bertako nekazaritzari bultzada eman gura diote: "Balama distrituko garapen sozio-ekonomikoan laguntzeko helburua duen egitasmoa da". Beste hainbat xederen artean, zuzenean komertzializatu daitezkeen barazkien ekoizpena sustatzea bilatuko dute: "Barazkien ekoizpena sustatuko duten aktibitateetan nekazarien parte-hartzea bultzatzea, beharrekoa den materiala erraztea, formakuntza eta asistentzia teknikoa eskaintzea eta grabitatezko ureztatzearen erabilera bultzatzea bilatzen du eskuartean dugun proiektu honek".

Ekainaren 19an kalera

Hiruatxeko kideek euren asmoen berri eman gura diete herritarrei eta Durana kalean, udaletxe zaharraren aurrean elkartzeko dei egin diete aretxabaletarrei. "Gure egitasmoa ezagutzeaz gain, zer jan eta zer edan ere egongo da".

Baina gainera, Truebak azaldu duenez, argazki erakusketa bat ere irekiko dute. "Belar Meta dendan izango da. Hala, gura duten guztiek aukera izango dute proiektua garatuko den tokiko eta parte hartuko duten pertsonen gaineko argazkiak ikusi eta gehiago jakiteko".

Bestalde, elkartetik aditzera eman dute boluntarioen beharrean daudela. Interesatuek hiruatx@yahoo.es helbidera idatzi.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak