Beroa bero, atzo arratsaldean Aretxabaletako plaza neska-mutilez bete zen, Pirritx, Porrotx, Marimotots eta gainerako laguntxoen emanaldia jarraitzeko. Txanogorritxo eta otsoaren istorioa kontatu zuten eta ikusleen miresmen begiradapean ikuskizun polita eskaini zuten.
Oholtza gainera igotzeko aukera izan zuten, gainera, Basabeazpiko azken urteko umeek; Pirritx eta Porrotxen gonbidapena jasota, eurekin abesti batzuk dantzatu zituzten.
Amaieran gainera, Joseba Larrinagari omenaldia egin zioten. Izan ere, aurreneko urteetan herrira bertaratzen zirenean kiroletxe zaharrean eskaintzen zituzten emanaldiak eta bertan ezagutu zuten Larrinaga, han egiten baitzuen lan. Atzoko omenaldian, Zuriñe Larrinaga arreba igo zen eszenatokira.