Degurixara bidean, errepide, bidegorri eta kale, ardienak

Domeka; goizeko 08:00ak; ekain hasierarekin, normalean eurenak ez diren inguruneak hartu dituzte ardiek Aretxabaletan: automobilenak diren kaleak; lantegi inguruak; oinezkoen eta bizikletaz doazenen paseo-leku diren bidegorriak.

Arrasateko Muxibar baserriko Joxe Bixente Etxaberen ardiek Degurixa dute helmuga. Joxe Bixentek zaindu du Aretxabaletako erdigunetik gora-beherarik gabe pasa dela artaldea, eta autoa hartu eta badoa, ibilbideko beste puntu batera, berriz ere kontrol lanak egitera. 

Urteroko ibilaldia dute hau sasoi honetan Muxibarko ardiek. Aretxabaletan, kaletarrentzat oharkabean pasa da artaldea. Horrela izaten da orain; lehen ez: "Animalien gaineko interes gehiago zuen lehengo jendeak oraingoak baino. Lehenago bai, orain ez da irteten jendea. Lehen Aretxabaletan jende dena ateratzen zen leihora, baina orain desberdina da. Animaliak ezagutzen dituen jende gutxiago dago orain lehengo aldean. Lehen, kalean ere gehienak erdi baserritarrak ziren; Aretxabaletan, baserri asko zegoen kalean. Eta animaliak dituenari gustatu egiten zaizkio animaliak. Baina, orain, ba al daki, ba, jendeak animalia zer den? Ez dakite", dio Joxe Bixente Etxabek.

Ardiak gustura mendira 

Ardiek gustura egiten dute Degurixarako bidea, bizpahiru lagunek lagunduta; lagunduta, halabeharrez: "Ardiak deseatzen egoten dira joateko. Egongo balitz hemendik mendira zuzen joateko modua, tartean errepiderik-eta egon gabe, eurak joango lirateke, inoren beharrik gabe, zuzen; eta etorri ere egingo lirateke, eurak bakarrik, behera. Orain ere Korueta aldera eurak jaisten dira menditik, tokatzen denean". 

Ardiak argiak direla dio artzainak: "Haiek dena dakite, nora joan behar duten eta, etorri behar dutenean, nora etorri behar duten ere bai. Norbera baino listoagoa da ardia". Baina euren kabuz hara eta hona ibiltzeko traba gehiegi, gaur egun: "Aretxabaletan-eta, nola pasako dira ba. Ezin dira pasatu, horrekin okerra dugu. Laguntza behar dute, derrigor". 

Aretxabaletan, herri erdi-erditik pasatzen ziren lehen ardiak; alboko kaleetatik pasatzen dira orain. Etxetik Aretxabaletara, aldiz, errepidetik joaten dira; domeka goiza izaki, ez dute arazorik sortzen: "Lehen ibilita gaude Muxibarren, hor behean geundenean –etxe berria dute orain lehengoaren goialdean, Aretxabaletarako errazago–, Ertzaintzari abisatu eta ertzainak aurrean jarrita hiruzpalau urtean, baina orain neu joaten naiz, keinukariak emanda, autoarekin, ardien aurretik. Tarte txikia da Arbizelaitik Santutxura".

Era batera edo bestera, urte asko daramatza Joxe Bixente Etxabek ardiekin Degurixara joaten, artaldeak uda sasoia bertan pasatzeko. Orain 78 urte joan zen lehen aldiz: "Lehenengo aldiz joan nintzen 13 urterekin, orain ditut 91; beraz, atera kontuak. 1935ean joan nintzen ni lehenengo aldiz ardiekin. Eraman nituen lau txerri, 44 ardi batzeko. Eskuz ibili ginen gazta egiten, eskuz; orduan eskuz egiten zen egiten zen apurra". 

Txerriak, txerriak aipatu ditu Joxe Bixentek. Gazura aprobetxatzeko eramaten zituen txerriak, gazta egiterakoan sobratzen zen ura aprobetxatzeko: "Gazta egin eta gero oso gustura jaten zuten txerriek gazura. Eta bentaja egin ere bai; guk han, txerriekin, sasoi baten dirua irabazi egiten genuen. Orain, ordea, ez da irabazten, eta orain ez dugu txerririk eramaten. Orain ardiekin gutxi, eta txerriekin gutxiago. Gauza aldatuta dago orain erabat", dio Joxe Bixentek.

Salbuespena, soldadutza 

Soldadu egon zenean izan ezik, urtero joan da Muxibarkoa Degurixara ardiekin; lehen, oinez: "Orain joaten gara automobilean. Baina oinez joaten ginen lehen, astoarekin, Peñakulotik gora. Land Rover-a erosi nuenean hasi nintzen Bolibartik buelta joaten. Leixargaratetik Degurixara neuk bakar-bakarrik egin nuen bidea, neuk ordainduta. Beste inork ez zuen txakur-handirik eman, neuk egin nuen bide hori, hiru kilometro. Nahikoa erraz zegoen, eta hondeatzeko makinarekin egin nuen ia dena". 

Orain hiruzpalau urtera arte, berriz, Peñakulotik gora joan izan da oinez ardiekin, haraino autoz joanda: "Hiruzpalau urte egin nituen horrela, baina orain ez naiz joaten; azken bizpahiru urteotan autoz joaten naiz. Hobeto? Badakizu, airean, nekatu gabe. Belaunetatik-eta ez nago orain mendira joateko moduan. Niri gustatu egiten zait ardiekin joatea; ni gustura joan izan naiz makilarekin ardien atzetik, euren pausoan, baina orain ezin dut joan". 

Baina, autoz bada ere, Degurixara joateari uzteko asmorik ez du Joxe Bixente Etxabek: "Hiruzpalau gazta egin behar ditut mendian ardiekin. Nahi nuke egitea". Bera autoan doan bitartean, semea eta haren artzain-lagunak doaz artaldearekin oinez.

Degurixara iristea orain, lehengo aldean, errazagoa izanik, Joxe Bixentek ez du denbora luzez jarraian han zertan egon: "Orain, ardiak antzutuz gero, astean buelta bat edo bi egiten dugu handik. Ardiak han ibiltzen dira; ardiek euren lekua hartuta dute, ardiak ez dira euren zelaitik berrehun metro baino gehiagora urruntzen, euren zelaian ibiltzen dira. Gauean joaten dira gora, lo egitera. Han jaten dute goizean, eta berriz etortzen dira behera, Degurixa aldera. Ardiek bakoitzak bere ingurua dute, denek". 

Denbora luzez Degurixan egon beharrik ez, beraz, nahiz eta Arrasateko artzainak ez lukeen arazo handirik horretarako ere; izan ere, hango bizimodua asko gustatzen: "Niri bai, asko. Ni mendian egon izan naiz gustura, oso gustura".

Degurixa, paradisua 

Izan ere, lekua bera ere ederra da izan: "Egun baten, joan nintzen ardiengana eta banentorren eurekin goitik behera, Degurixako zelaira, eta Suzuki automobil batekin tipo bat, Gasteizkoa zen, eta hizketan hasi ginen. Galdetu nion zertan zebilen eta erantzun zidan inoiz egon gabea zela han eta esan ziotela paradisu bat zegoela han, eta ikustera etorri zela. 'Orduan ni paradisuan bizi naiz', erantzun nion". 

Paradisuan bizita, etxera sarri joan beharrik ez: "Lehen, oinez joaten ginenean, egoten ginen igual zortzi egunean etorri gabe. Meza garrantzitsua zen orduan, eta Araotzera joaten ginen mezetara. Egun baten, joan nintzen San Bernardora eta abadearekin juntatu nintzen han. Ea zer nahi nuen galdetu zidan, eta esan nion, behin hara joanda, konfesatu egin nahi nuela. Galdetu zidan ea ze bekatu nuen, eta nik erantzun: 'Ze bekatu edukiko dut ba nik? Mezara huts egiteren bat edo horrelako zerbait, besterik ezer ez'. Galdetu zidan ea zenbat denbora egin behar nuen mezetara joateko, eta esan nion ordubete behar nuela, eta beste ordu eta erdi itzultzeko. 'Horrela bada ez du hainbeste inportantziarik. Nahi baduzu joan, joan; baina obligaziorik ez duzu', esan zidan". 

"Goizean joaten ginen mezetara eta, taberna han behean zegoen, eta igual joaten ginen gero tabernara, zerbait jan edo bazkaldu, eta berriz ere gora gero. Etorri-aldia kristorena! Horrela ibilita gaude gu"; Joxe Bixenteren oroitzapenak. 

"Orain, nahi dugunean joaten gara eta nahi dugunean etorri. Orain desberdina da. Orain bizpahiru egun egiten ditugu, asko jota, etorri gabe. Orain momentuan etortzen gara. Ordu erdi pasatxoan joaten naiz ni; nire semeak hogei minutuan joaten dira". 

Baina Degurixara joateko behar den denborak bakarrik ez, beste zerbaitek ere egin du behera urteotan, eta hau ez da onerako. Artzain kopuruaz ari da Joxe Bixente: "Lehen, jendea zegoenean, lagunarengana joaten zinen, edo etortzen zitzaizun laguna bertara, kontuak kontatu eta nahi dena; orain horixe da txarra. Edozer gauza gertatuta ere, bakarrik. Lehengo konturik ez dago orain. Asteburuetan joaten da jende apur bat, baina bestela ez. Bestela han inor ez da egoten". Berak modua duen artean, baina, Degurixa ez da artzainez erabat hustuko: "Oraindik jarraitzeko nago ni; hori izan da nire bizitza, eta pozik, oso pozik".  

-----------------

J. Bixente Etxabe (artzaina): "Pertsonak berezkoa behar du artzain izateko, etorri bat behar du"

Joxe Bixente Etxabek (Arrasate, 1922) 78 urte daramatza ardiekin Degurixara joaten; ofizioa arriskuan ikusten du baina. Lehen zortzi ziren Andartopean gazta egiten zutenak; orain, bera bakarrik.

Nola ikusten duzu etorkizuna? Artzainen ofizioa badoa. Ni Degurixara joan nintzenean zortzi artzain geunden gazta egiten. Orain geu gaude bakarrik. Hau badoa, hemen ez dago zer eginik.

Zergatik, ematen ez duelako? Ez duelako ematen. Eta gero, artzainak izan behar du interesatua eta bertan jaioa; artzain izateko, pertsonak berezkoa behar du. Nik ezagutzen ditut gizonak, ni baino gazteagoak, artzain ondo dakitenak, baina beste batzuek ez dakite artzain. Artzain jakin egin behar da. Jaio egin behar da artzainetarako, berezkoa behar da, ardiak ezagutzeko eta denerako, berezkoa behar da, berezko etorri bat. Batzuek badugu, eta beste batzuek ez dute.  

Etxean, jarraituko al du inork? Semea etxean dago, ez dakit zer egingo duen, gero ikusi behar ze egiten duen. Ematen badio bizitzeko lain, jarraituko du. Ematen ez badu, utzi egin behar. Baina beste lekuetan ere ez dago gauza handirik. Beste lekuetan ere gauza serio jarrita dago. Ez dakit zer gertatuko den. 

Artzain egiteko baldintzek hobera egingo zuten behintzat... Lehengo aldean diferentzia handia dago orain, artzain egitea erraza da; txabolan, etxean bezala egoten zara.

-----------------

Pasadizo ugari, gerra garaikoak

Degurixan ere sumatu zen Gerraren ondorioa: "Hasi zenean 14 urte nituen nik; bigarren urtea nuen Degurixan. Gerra irten zenean jendeak alde egitera egin zuen, ahal zuenak ahal zuen lekura. Zortzi gizon izan nituen nik han, txabolan, zortzi gizon. Han bada koba bat haitzean, eta egunez hara joaten ziren, eta gauerako jaitsi. Nik prestatzen nien taloa eta esnea. Hura hartu eta itzultzen ziren kobara lo egitera". Hala gogoratzen du Joxe Bixentek.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.