Andramaixetarako esaldi eta irudi bilaketa

Zuriñe Velez de Mendizabal 2013ko eka. 7a, 19:28

Andramaixak bereziak dira aretxabaletar askorentzako eta pare bat hilabete besterik ez da geratzen herria festetan murgiltzeko. Udalak martxan ipini ditu kartel eta esaldi lehiaketak.

Abuztuaren 14an, 15ean, 16an eta 17an izango dira jaiak eta dagoeneko hasi dira antolaketa lanak. Besteen artean, jaietako esaldia aukeratzeko lehiaketa martxan da.

Udaleko Gizarte Zerbitzuko Myriam Beltran de Heredia Prebentzio teknikariak aurten jarraitu beharreko gaiaz egin du berba: "Gai bakarraren ingurukoak izan behar dute aurkezten diren esaldiek; jaiak neurri onean pasatzera gonbidatu behar da, festa osasuntsu baten aldeko mezua zabalduz. Orain arte ere eskatzen genituen halako esaldiak, baina, beste gai batzuk aukeran ematen zirenez, ez ziren askorik aurkezten".

Lehiaketan 12 urtetik gorako edozein aretxabaletar edo taldek har dezakete parte eta gura beste esaldi aurkez ditzake bakoitzak, gainera. Bi sari emango dituzte: batetik, egitarauan agertuko den esaldiaren egileak 120 euro jasoko ditu eta pegatinak egiteko erabiliko diren esaldien asmatzaileentzat 60 euro egongo dira. Lanak aurkezteko azken eguna ekainaren 28a izango da.

Jaietako irudi bila

Baina Andramaixak iragartzeko esaldiak bilatzeaz gain, jaietako kartela hautatzeko lehiaketa ere deitu du Udalak. Sariketan edozeinek har dezake parte, eta, estiloari dagokionez, teknika librea erabili ahal izango da. Derrigorrezkoa bertan agertu beharko den esaldia da: Andramaixak 2013. Abuztuaren 14a, 15a eta 17. Aretxabaleta.

Kultura teknikari Inma Miguelek aditzera eman duenez, 200 euroko saria emango diote kartel irabazlearen egileari. Uztailaren 4a baino lehen eraman beharko dira lanak Arkupera edo udaletxera.

Uztailaren 8an emango du epaimahaiak erabakiaren berri. Egun berean jakingo da, baita ere, esaldi lehiaketan nork irabazi duen.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak