Euskararen aitzakian, lagunarteko jai giroa 'Euskerian Egunean'

Aitziber Aranburuzabala Juldain 2013ko eka. 1a, 19:54

Euskaltzaleak kalera atera eta elkarrekin egun pasa polita egiteko asmoarekin herritar asko batu du aurten ere, Loramendi Euskara Elkarteak proposatutako euskararen omenezko jaiak. Ekitaldiz betetako Euskerien Egunean,  ilusioz parte hartzeko gogoa erakutsi dute herritarrek, euskararen erabilera sustatzeko oraindik ere beharrezkotzat jotzen duten aldarrikapen egunean. Herriko sortzaieen eskutik Musika Zaparrada eta Larraindantza izango dira arratsaldean.

Askotariko ekintzak jaso dituzte egun osorako antolatutako egitarauan: goizean, haurrentzako jolasak, txondorraren ibilbidearen aurkezpena eta bertsolari zein txalapartarien emanaldiak egin dituzte. Trikitilari eta bertsolariek lagundutako triki-poteoaren ostean, 80 lagun batu dira bazkaltzeko frontoian. Bazkalostean, berriz, Mihiluze lehiaketan jolasean jardun dute eta Lur Usabiagaren ipuin kontaketa ere izan dute. Ondoren, bolo txapelketa aukeratu dute batzuk, eta musikaz gozatzera joan dira beste batzuk, Mitarte kaleko oholtzatik herriko musikariek eskainitako Musika Zaparradan. Herritarrek dantzatutako Larraindantza saioa ere egin zuten iluntzean.


Toponimia taldearen Txondorraren ibilbidea ekainaren 9an

Udaletxe zaharrean erakutsi dute goizean, Loramendi Elkarteko Toponimia taldekoek, egin berri duten Txondorraren ibilbidearen esku-orria eta dagoeneko bazkideen artean banatu dutena. Fermin Pasamar 'Maño', Jose Luis Madinabeitia eta Antonio Urkia herriko txondorgileak oinarri hartuta batu dute herriko txondorgileen historia, garai bateko tresnak, txondor txiki eta bideoaren laguntzarekin. Ekainaren 9an, esku-orrian jasotako ibilbidea egingo dute Aretxabaletatik 9:00etan abiatuta, Kurtzebarri inguruetan zehar.


ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak