Euskerien Eguna ospatuko dute Aretxabaletan bihar

Aitziber Aranburuzabala Juldain 2013ko mai. 31a, 16:59

Euskerien Egunarekin goizetik iluntzera bitarteko hitzordua dute bihar, zapatua, Aretxabaletan. Loramendi Euskara Elkartearen eskutik, 10:00etan hasi eta gauera arteko egitarau mardula eskainiko zaie herritar eta bisitariei. Askotariko ekintzak antolatu dituzte, Musika Zaparrada tartean, euskaraz kantatzea ez dagoela zaharkituta erakusteko.

"Egun osoan ez da girorik faltako Aretxabaletan", diote antolatzaileek, eta ekitaldi batzuk ere nabarmendu dituzte: "Musika, haurren jolasak eta aurten Txondorraren erakusketa ere egingo dugu. Izan ere, ekainaren 8an, Loramendi elkarteko toponimiak prestatu duen ibilbide berria egiteko aukera edukiko dugu, eta Euskerien Egunean aurkezpena egingo dugu". Beste hitzordu batzuk gehitze aldera, 14:30ean herri bazkaria eta 19:00etan larrain-dantza izango dira. Berandu baino lehen leloa du egunak. 

Bost orduko musika maratoia

Iazko arrakastaren ondoren, Loramendi Elkarteko sustapen taldeak bigarrenez egingo du, Euskararen Egunean, herriko musikarien eskutik Musika Zaparrada, bihar, zapatuan. Mitarte kalean kokatutako oholtzan, askotariko musika emanaldiak izango dira 18:00etatik 22:30era. 

Musika Zaparrada herriko musikarien askotariko doinuak batuko dituen emanaldia da, baina  ekimenaren bultzatzaileek jarritako euskaraz kantatzeko baldintza ezaugarritzat duena. Euskarak esparru guztietarako balio duela erakusteko, euskaraz kantatzera gonbidatu dituzte, beraz, musikariak; eta, bide batez, herritarrei, euskara, askotariko musika estiloetan entzuteko aukera dagoela erakutsita. 

Ia bost ordu iraungo duen musika maratoian, ordu erdi inguruko dozena bat saio egingo dituzte, Aretxabaletan sortutako musika eskaintza zabalaren erakusle. Trikiti, txistu, gaita eta musika tresna elektrikoekin jotako kantuez gain, izango dira herriko abesbatzak kantatutakoak eta baita poesiarekin nahastutakoak ere errepertorioan. Bakarka jardungo dute batzuek; bikoteka zein taldeka besteek.

Musika eskaintza zabala bada ere, hauxe da partaideen profila: herrikoak dira gehienak, nahiz eta ingurukoak ere badauden; adinari dagokionez ere, askotarikoak.

Sustapen taldekoak, horregatik guztiagatik, gustura eta esker onez dira ekimenean parte hartuko duten guztiek erakutsitako ilusioagatik eta ekimena aurrera eramateko izan duten lanerako gogoagatik.

18:00 Triki taldea.

18:20 Txistulariak.

18:40 Lide eta Lur.

19:00 Aretxabaletako Gaiteroak.

19:30 Aretxabaletako Abesbatza.

20:10 Iñaki Sagasta.

20:30 Beñat Ganboa eta Julene Otegi.

20:50 Bea Asurmendi.

21:10 Zast.

21:30 Forbidden Life.

21:50 Auzo ezezaguna.

22:10 Ikara.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak