Aretxabaletako Udalak 114.850 euro bideratu ditu dirulaguntzetara

Zuriñe Velez de Mendizabal 2013ko mai. 24a, 16:30

Aretxabaletako Udalak herritarrentzako hainbat dirulaguntzatarako deialdia egin du: kultura, euskara, hezkuntza, gizarte zerbitzu, kirol eta enplegu arloetan emango dira; guztira, 114.850 euro.

Xabier Mendizabal udal idazkariak aditzera eman duenez, krisiak krisi, mantendu egin dituzte laguntzak: "Nahiz eta zenbait kasutan jaitsi egin den apur bat horietara bideratutako aurrekontua".

Egoitza eta jardun eremua herrian daukaten pertsona zein elkarteek egin dezakete eskaera. Salbuespenen bat bada, halere: egoitza Aretxabaletan ez eduki arren herrian jarduera eremua dutenek ere aurkez dezakete eskabidea. Horretarako azken eguna ekainaren 14a izango da.

Kopuru handiena GKEetara

Nabarmentzekoa da Udalak garapenetarako lankidetza programetara bideratu duela aurrekontu handiena: 27.000 euro. Hau da, gobernuz kanpoko erakundeei zuzenduta dago kopuru hori.

Enpresei laguntza

Enpresa ekimen berriei zuzendutako laguntzen kopurua ere esanguratsua izango da 2013an: 20.000 euro. Eskatzaileek bete beharko duten baldintzetako bat da gutxienez 3 urtean egoitza herrian mantendu beharko dutela.
Eta krisi egoera hobetu aldera, kontratazio berriak ere sustatu gura ditu Udalak; 10.000 euro bideratuko ditu.

Aintzat hartuko ditu, besteak beste, lanpostuetarako emakumeak kontratatzen dituzten, 45 urte baino gehiagoko pertsonak diren...

Kirol jarduerak sustatuz

Kirol arloan, taldeen ohiko jarduerak antolatzeko dirulaguntzak daude: 16.500 euro. Asier Muxika Kirol teknikariak adierazi duenez, "kirolari federatu kopurua, entrenatzaile kopurua eta beraien titulazioaren arabera banatzen da dirua". Eta ekintza bereziak antolatzeko, aldiz, 1.500 euro egongo dira: "Mendiko bizikleta lasterketak, trialsin txapelketak eta beste antolatzeko, besteak beste".

Kultura jarduerak, euskara...

2013an kultura proiektuak eta programak gauzatzeko dirulaguntzen aurrekontua 15.000 euro izango da. Programak kulturari egiten dion ekarpena, taldeak urtean zehar antolatzen dituen ekintzak eta taldeak Udalak antolatutako ekimenetan parte hartzea baloratuko dituzte laguntzak emateko orduan. Gainera, urtero, herriko talde ugarik eta partikularrek euren produkzio lanak ordaintzeko finantzazioa bilatzen dute. Hori jakinda, 3.000 euro bideratuko dituzte aurten grabazioetara.

Euskararen kasuan, laguntza ezberdinak emango dira. Erabilera sustatzen duten entitateei zuzenduta 2.350 euroko laguntza dago. Eta errotuluak, irudi korporatiboak eta beste euskaratu gura dituztenentzat, 1.000 euro.

Hezkuntzarako prestatutako laguntzen artean, guraso elkarteek ekintzak antolatzeko eska dezaketena (4.000 euro) dago. Bestetik, euskara ikasteko edo euskararen normalizazioaz zerikusia duten ikastaroak egiteko, 500 euro.

Urte amaierara arte

Uraren, estolderiaren eta zaborraren udal tasaren zati bat ordaintzeko laguntza ere badute herritarrek –2.000 euro–. Bestalde, 4.000 euro jarri ditu Udalak, EAEtik kanpoko espetxeetan preso daudenen senideak laguntzeko asmoz. Eta 3.000 euro bideratu ditu droga zein beste mendekotasunen bat dutenen tratamenduetara. Hiru kasu horietan, urtea amaitu arte egin dezakete herritarrek laguntza eskaera.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak