Berba bako lengoaia baten erritmora dantzan

Zuriñe Velez de Mendizabal 2013ko mai. 24a, 18:08

Tango taldea duela hiru urte sortu zen Aretxabaletan eta zortzi kide ditu. Eguaztenean kalera irten ziren Dantza Astearen baitan, eta bihar Herriko Plazan egingo den milongan parte hartuko dute.

Tangoa dantza soila baino askoz gehiago da praktikatzen dutenentzat. Berbarik gabeko lengoaia da, sentimendu berezi bat. 

Aretxabaletan ere badira pasio hori sentitzen dutenak. Duela hiru urte sortu zen tango taldea herrian; zortzi lagun elkartzen dira astelehenero Kurtzebarri ikastetxeko gimnasioan, 20:00etan.

Gasteizko bi irakasleren gidaritzapean barneratzen dituzte herriko dantzariek tangoaren sekretuak. "Emaztea eta biok beti dantzatu izan dugu; salsa,  esaterako. Baina, duela zazpi urte, tangoa ikasi guran Gasteizera joaten hasi ginen. Gerora, berriz, harrapatu egin gintuenez, herrian ere aukera egon zedin gura genuen eta duela hiru urte sortu genuen taldea". Horrela azaldu du Mariano Romero aretxabaletarrak.

Beste dantza batzuek ematen ez duten zerbait dauka tangoak, aretxabaletarraren esanetan. "Lehenengo unetik, ikasten duzun aurreneko mugimendutik, indarra eta pasioa transmititzen dizu tangoak". Horrez gainera, funtsezko ezaugarri bat ere badu sustrai argentinarrak dituen diziplina artistikoak: dantza-bikoteak izan behar duen konplizitatea: "Hori gabe, ez dira gauza politak irteten".

Argentinako dantza gurean

Gizon-emakumez osatutako taldea da Aretxabaletakoa, modu orekatuan osatua, gainera. Eta nahiz eta jatorri argentinarreko dantza bikoteka egiten dela argi egon, historian aldaketak izan ditu.

"Hasieran, gizonezkoen artean dantzatzen zen; ostean, gizonek portuko emagalduekin dantzatzen zuten; eta gerora, erdi eta goi mailako pertsonak tangoak nolabaiteko glamour-a eta erakargarritasuna zuela ikusi zutenean hasi ziren dantzatzen".

Dantza Astearen barruan

Aretxabaletako lagunak astean behin bakarrik elkartzen dira praktikatzeko, baina aste hau berezia izan da zortzi lagunentzako. Eguazten iluntzean Aretxabaletako Dantza Astearen baitan erakustaldia eskaini zuten Herriko plazan.

Askorentzako, kalera dantzatzera irteten ziren aurreneko aldia izan zen. Astero moduan, astelehenean elkartu zirenean urduritasuna nabari zen gizon-emakumeen artean. Eta azken unera arte tentsioa igarri arren, ongi joan zen guztia, Romerok emanaldiaren ondoren adierazi zuenez.

"Gure asmoa izan da jendeari herrian tangoa dantzatzeko aukera badagoela erakustea. Eta interesa duten guztiek taldearekin bat egin dezakete. Ez da adin kontua, ezta fisiko kontua ere; ikastearekin eta dantza egin gura izatearekin nahikoa da". Hala, herriko tango taldeak interesa  duten guztiak animatzen ditu astelehenetan Kurtzebarriko gimnasioan haiekin bat egitera.

Bihar milonga Herriko plazan

Tangoaz gozatzeko aukera egongo da bihar, zapatua, Herriko plazan. Bilbon bizi den Fernando Valsega abeslari argentinarrak  Exilio New Tango orkestrarekin batera La luna en el conventiyo emanaldia eskainiko du 20:30 inguruan hasita.

Doinu argentinarrak nagusituko dira, eta bide batez, dantzatzera animatuko direnak ere egongo direla adierazi du Mariano Romero Aretxabaletako tango dantzariak: "Gu bertan egongo gara eta Gasteiztik ere etorriko direla badakigu".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak