Ikusi, entzun eta bidaiatu

Zuriñe Velez de Mendizabal 2013ko maiatzaren 20a

Nork ez du egunerokotik deskonektatu, maletak egin eta beste toki eta kultura batzuk ezagutzeko nahirik izaten? Maiatzaren 16an hasi eta ekainaren 20ra bitartean, planak egin gura dituztenek ideiak har ditzakete Ostegun bidaiariak lehiaketari esker. Aretxabaletako Udalak antolatuta, sei lagunek azken bost urteetan egindako bidaien kontakizunak egingo dituzte; astean batek, herriko taberna baten.

"Bizitako bidaia ederra kontatzeko eta etorkizuneko ideiak hartzeko modu aproposa iruditu zaigu lehiaketa". Hala adierazi du datorren eguenean Marokoko bizipenak partekatuko dituen Iker Agirrek. Lagun taldeaz joan zen bidaian Agirre: "Gertu dago, merkea da eta kultura ezagutzeko aukera paregabea. Basamortuko lasaitasuna deigarria izan zen guretzat, esaterako".

Polonia, Guatemala, Novergia... 

Kontakizunek esperientzia ezberdinak jasotzen dituzte. Lagun artean, bakarrik, familian... Maiatzaren 16an izan zen lehena: Garikoitz Iturbek Danubion zehar bizikletan familiarekin egindako bidaia kontatu zuen: "Urtebeteko haurrarekin txirrinduaz egiteko Danubio bide herrikoiarekin topo egin genuen". 

Norvegiara bidaiatzeko aukera ere egongo da, hilabete amaieran. Mikel Bustok ere bizikleta baliatu zuen herrialdean mugitzeko: "Tokiak izan dezakeen eragozpen bakarra, eguraldia".

Ekaina inauguratuz eta Europatik irten gabe, Poloniako bazter eder zein triste eta gogorrak –Auschwitz tarteko– erakutsiko ditu Imanol Sorianok. Birritan bisitatu du herrialdea eta hango kultura zati bat ekarriko du Aretxabatara eta herrialde hartan gastronomiak duen garrantziaz egingo du berba, besteak beste. "Plater gehienak bertakoak badira ere, beste herrialde batzuen eragina dute: judua, ukrainarra, alemaniarra...".

Bosgarren aurkezpena egiteko ardura hartuko du Larraitz Arandok. Betidanik gustatu izan zaio bidaiatzea aretxabaletarrari. "Oso gaztetxoa nintzela hasi nintzen bidaiatzen. Munduan galduko nintzela eta ez nuela bueltatzeko presarik izango, ez nituela ibilbideak aurrez antolatuko. Eta munduan galdu nintzen". Nepal, India, Zeelanda Berria, Peru eta Venezuelako bizipenak gogora ekarriko ditu Akorde tabernan.

Munduan ibili ostean, ekainaren 20an Guatemalan hartuko dute lur ikus-entzuleek, hango altxorrak aurkitzera eramango baititu Joseba Gabilondok. "Sumendi piloa ezagutu dugu, lakuak, herrixkak... Baita bestelako errealitatea ere, indigenak egoera gogorrean bizi direla ikusi dugu eta."

Ikusi, entzun, ideiak hartu eta gustuko bidaia bozkatu. Izan ere, aurkezpenetara bertaratzen direnek epaile papera ere bete beharko dute. Animatzen zara?

-----------------

Hurrengo aurkezpenak

Maiatzak 23

Maroko. Iker Agirreren eskutik Orly tabernan, 21:30ean.

Maiatzak 29

Norvegia. Mikel Bustoren eskutik Express tabernan, 22:00etan.

Ekainak 6

Polonia. Azkena tabernan, Imanol Sorianoren eskutik, 21:30ean.

Ekainak 13

Jira eta bira. Larraitz Arandorekin, Akorde tabernan, 21:30ean.

Ekainak 20

Guatemala. Joseba Gabilondorekin Urbaltz tabernan, 21:30ean.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak