Gaur hasiko da Aretxabaletako Dantza Astea

Zuriñe Velez de Mendizabal 2013ko mai. 20a, 13:20

Gaur hasita eta domekara bitartean Aretxabaletan dantza nagusituko da. Udalak Leizarra musika eskolarekin eta Jaiki elkartearekin elkarlanean antolatu du Dantza Astea aurrenekoz, eta ikuskizun, ikastaro eta hitzaldiak prestatu dituzte.

Herritarrei diziplina artistiko hori gerturatzeko xedea du dantzari eskainitako asteak. Gaur egingo dituzte lehenengo ekitaldiak: Jaiki elkarteak antolatutako Dantza familian saioa egingo dute kuartel zaharrean (17:00) eta bideo-dantza maratoia, udaletxe zaharrean (19:00).

Saio irekiak, hitzaldiak...

Leizarra musika eskolakoek dantza emanaldia eskainiko dute martitzenean, 19:30ean plazan. Eguaztenerako hiru ekintza antolatu dituzte: Dantza gogoz saio irekia Zaraian (18:00), plaza-dantzak (19:00) eta Aretxabaletako Tango dantza taldearen eskutik saio irekia, Herriko Plazan (20:00).

Eguenak, aldiz, biodantza izango du ardatz; bizitza oinarri hartzen duen dantza mota, hain zuzen ere. Zaraia aretoan, gaiari buruzko berbaldia egongo da, 19:00etan; eta ondoren, Maite Andres irakaslearekin praktikatzeko aukera egongo da, 20:30ean, kuartel zaharrean.

Hilaren 24an, 22:00etan, Carla Fernandez artistak Bárbara II movimiento lana eskainiko du Iturrigorrin. "Oso emanaldi bitxi eta ederra", Maier Etxebarria Jaikiko taldekidearen esanetan.

Argentina eta bertako dantzak

Maiatzaren 25ean Argentinatik Aretxabaletara etorritako Fernando Valsega eta Exilio New Tango orkestrak milongak eskainiko dituzte, Herriko Plazan. Aurretik, 20:00etan, Jaikik Zortzikon emanaldia jendaurrean erakutsiko du, Duranan.

Amaitzeko, hilaren 26an Haur Dantzarien Eguna ospatuko da; eta Jaikin 18:30ean bat-bateko sorkuntza saioa eskainiko du.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak