Nikasio Unanue: "Barneak askatzen laguntzen zidalako hasi nintzen margotzen"

Zuriñe Velez de Mendizabal 2013ko mai. 17a, 14:40

Nikasio Unanuek lehenengo erakusketa ireki du Arkupen. Hilaren amaierara bitartean ikus daitezke haren lanak: 17 margolan, guztiak ere luma-mutur teknika baliatuta sortuak.

Zer dela-eta hasi zinen margolanak egiten?

Lan estresagarria neukan eta margotzeak barneak askatzen laguntzen zidan. Orduan, nire burutik sortutako ideiak irudikatzen nituen, eta, ondoren, erretiratu nintzenean, Zabaleta, Picasso, Miro eta beste artista batzuen artelanak kopiatzen hasi nintzen.

Non ikasi duzu marrazten?

Ez dut sekula ikastarorik egin, autodidakta naiz horri dagokionez. Batez ere, nire ogibidean ikasi dut dakidana, 40 urtez marrazketa lineala, teknikoa egin dut eta. Lanerako luma-muturra teknika baliatzen genuen –gaur egun gutxik ezagutzen duten teknika, ordenagailuak daude eta– eta nire margolanetan ere horixe erabili dut.

Eta erakusketa egitera animatu zara.

Ez zen nire asmoa erakusketa egitea, baina, proposamena egin zidatenean, helburua herrian ere horrelako gauzak egiten dituzten pertsonak daudela erakustea izango litzatekeela esan zidaten, eta horrek piztu zidan interesa. Nire lehenengo erakusketa da, gainera. Arkupen 17 lan daude ikusgai; noski, gehiago ere egin ditut, baina gehien gustatzen zaizkidanak aukeratu ditut. Eta, gainera, esango nuke nire lanaren eboluzioa jasotzen dela bertan, 1999an egin nituen aurreneko lanetatik –nik asmatutakoak, marrazketa teknikoaz zerikusi handiagoa dutenak– gaur egunean egiten ditudanetara –artista ezagunen kopietara.

Zeintzuk dira margolan bat egiteko jarraitzen dituzun urratsak?

Lehenengo eta behin, Internet bitartez gustuko ditudan artisten koadroak begiratzen ditut; hautatutako lanek nik kopiatu edo egin ditzakedan trazuak izan behar dituzte; hau da, garbiak. Ondoren, arkatzez marrazten dut dena, segidan luma-muturraz errepasatzen dut eta amaitzeko koloreztatu egiten dut. Nahiz eta koadroa kopiatutakoa izan, nahi ditudan kolorez margotzen ditut, autore askok erabilitakoak kopia ezinezkoak izaten dira eta. Modu horretan, nire ukitua ematen diot lanari.

Besteak beste, Picassoren Gernika-rekin batera, Asterix eta Obelixen bineta bat ere ikus daiteke...

Bitxikeria da. Betidanik gustatu izan zaizkit Asterix eta Obelixen istorioak eta azken bineta bat egin dut, mahaiaren bueltan afaria egiten agertzen da herri galiarra. Gainera, nire lan gustukoena dela esango nuke.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak