Lehen metroetatik taldetxo batean kokatu dira faboritoak eta Yerai Varela buru zutela erritmo bizian jaitsi dute Urkulura doan aldapa. Urtegia inguratzen hasi direnean Varelak bere erritmoa inposatu du eta Martin Berriz-Beitia eta Gaizka Romero, bigarren eta hirugarrena, atzean utzi ditu. "Gustura ibili naiz eta denbora guztian nire erritmora joan naiz". Hala argitu du Varelak, kroseko irabazleak. Nerea Arregi izan da Otala-Zelaiko helmuga zeharkatu duen lehen emakumea.
Urtegiko lautadaren osteko aldapa izan da ibilbideko zatirik zailena eta bertan ikusi da batzuen eta besteen sasoia eta indarra. Dena den, jendearen umorea ikusi ostean gutxienekoa sailkapena zen. Hala ere, ziur helmugara iristen aurreneko aretxabaletarra izan den Julen Larrinagarentzat jasotako sariak zapore berezia izan duela.
Lehen aldiz binaka
Krosaren izaera herrikoia berreskuratzeko asmoarekin lehen aldiz binaka korrika egiteko aukera egon da. Aurreneko aldia izateko, bikote dezentek eman du izena eta gehienek oso denbora onak egin dituzte. Lehen bikote irabazlea Mikel Ugarte eta Marisol Ramosek eratutakoa izan da.
Gazteek ere egin dute korrika
Nagusiek baino lehenago, eta ibilbide motzago batean noski, gazteak izan dira korrika egiten lehenak. Kimu mailatik kadete maila arte, Otala-Zelairen inguruan aritu dira. Lanbakadek eta nekeak axola ez balute bezala, txalo artean ikuskizun polita eman dute.
Aurtengo 35. aldia izan da Otala-Zelaiko krosaren azken lasterketa. Hurrengo urtetik aurrera, krosa Joseba Larrinaga memoriala deituko da-eta.