Durana kalea, herriko modaren erakusle

Imanol Gallego 2013ko mai. 12a, 00:37

Fokuak besterik ez ziren falta. Alfonbra gorria, jendetza, modeloak, 'speaker'-a... 18:00etatik aurrera Duranak kale izateari utzi eta pasarela bihurtu da. Bainujantziak, soinekoak, pijamak... Denetik ikusteko aukera egon da Aretxabaletako modaren erakusleiho bilakatu den Durana Fashion Day honetan.

Urduritasuna nabari zen Belarmeta dendan. Bosgarren desfilea izan arren, azken orduko presek beti sortzen dute artegatasun une bat edo beste. Kanpai hotsak entzun bezain laster, Idoia Elexpuruk kapitain lanak hartu eta musikaren erritmoaz lagunduta Durana kaleko alfonbra gorritik hasi da Belarmetako jantziak erakusten. Bera ez da izan modelo bakarra eta ia 50 minutuz, aretxabaletar ugarik, lotsa etxean utzi eta Belarmeta, Kilima , Titare eta Haurrak dendetako arropak ongi baino hobeto erakutsi dituzte.

Ekitaldiak behar zuen gatz eta pipermina jartzeko gainera, Igor Arenaza egon da speaker lanak egiten. Aretxabaletarrak argi utzi du, mikrofono aurrean, futbolean bezain ongi moldatzen dela. Arenanza ez da pasarela gainean egon den futbolari bakarra izan, UDAko jokalari askok taldeko elastikoa beharrean marka ezagunen arropak jantzi dituzte.

Saiheski jana

Desfilea bukatu eta gero Giokelaren eskutik, UDA kirol elkartearen alde, saiheski errea dastatzeko aukera egon da. Mitarte kalearen hasieran jende mordoxka bat batu da Iosu harategiak eskaini duen haragi gozoa jateko. Mokadutxoak bustitzeko gainera ardoa eta garagardoa ere egon da. Pintxoak erosteaz gain, UDAk jarri duen barran kirol elkartearen aldeko zozketa tiketak ere saldu dituzte. Saridunak, Realak Granadaren kontrako partidua ikusteko bi sarrera eskuratuko ditu.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak