'Durana Flashion Day'-k kolorez jantziko du bihar Aretxabaletako Durana kalea

Mirian Biteri 2013ko maiatzaren 10a

Udaberriko eta udako arropa ezagutarazteko, 'Durana Fashion Day' egingo dute ostera ere herriko komertzioek. Orain arte egubakoitz arratsaldean izan bada ere, bosgarren edizio honetan eguna aldatzea erabaki dute, eta bihar arratsaldean egingo dute. Desfilearekin batera, saiheski errea jateko aukera izango dute aretxabaletarrek, UDA kirol elkartearen eskutik.

Betiko moduan, Aretxarte elkartekoek herriko hainbat dendaren eskaintza erakutsiko dute Durana kalean. UDAko futbol entrenatzaile Igor Arenatzak gidatutako desfilea 18:00etan hasiko da. Adin guztiei zuzendutako arropa eroango dute jantzita modelo lanak egingo dituzten boluntarioek. Gazteen arropa, esaterako, UDA kirol elkarteko jokalariek jantziko dute; herriko hainbat umek ere desfilean parte hartuko dute, gurasoek lagunduta, denboraldiko jantzi koloretsuak eroaten.

Esan bezala, modeloak pasarelan dauden bitartean, herritarrek saiheski errea probatzeko aukera izango dute aretxabaletarrek Mitarte kalean. Josu harategikoak okela erretzeaz arduratuko dira  eta UDAko partaideak, berriz, pintxoak eta edatekoa banatzeaz. 90 saiheski kilo inguru erreko dituzte.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak