Bilboko Saiatu Fundazioak gogoan izan du Joseba Larrinaga

Goiatz Arana Begiristain 2013ko maiatzaren 9a

Bilboko Saiatu Fundazioak eta Euskal Paralinpikoek gogoan izan dute gaur, eguena, martitzenean istripuan hil zen Joseba Larrinaga. Elkarretaratzea egin dute Lehendakari Agirre kalean duten egoitzaren aurrean eta ziklistek errepidean duten babes eza salatu dute. Protesta gisa errepidea moztu dute, zenbait bizikleta lurrean lagata, eta gorriz ere pintatu dute zorua –segidan duzuen 'Hamaika' telebistaren bideoan ikus daiteke. Kirolari aretxabaletarra Saiatu Fundazioaren sortzaile eta bultzatzaileetako bat izan zen. 

Euskal kirolaren mundua hankamotz geratu da bere heriotzarekin, fundazioko kideen esanetan: "Euskal kirola ere hankamotz gelditzen da, Joseba baitzen paralinpismo munduan errepresentazio instituzionalaren beharraren bultzatzailea. Kirol egokitua gutxietsi eta mespretxatzen zuten garaian eta nazioarteko gertakizunetan ikurrina ikustea oso zaila zen denboran, Josebak Saiatu sortu zuen lehenengo eta Euskal Paralinpikoak geroago; euskal kirol egokitua zabaltzeko balio izan duten bi erakunde".

Era berean, fundaziotik aitortu dute albisteak hunkituta utzi dituela: "Bere adiskidetasun eta ontasun gabe gelditzen gara eta zaila izango da malkoak ez irtetea Joseba gogoratzean.  Jatorra eta estimua izateko pertsona zen. Hurkoa eta sentikorra, beti besteengan kezkatuta. Erraz maitatzen den pertsona horietakoa. Bakarrik gelditzen gara Joseba barik".

Joseba atleta bikaina zela ere azpimarratu dute, lehen, bigarren edo hirugarren postuan bukatzeari baino gehiago froga bakoitzean ahal zuen energia gehien emateari ematen ziola garrantzia gaineratuz.

Joseba Larrinagaren ohorez, Saiatu eta Euskal Paralinpikoak inoiz baino indar gehiagorekin irtengo dira Aurrera, euren esanetan.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak