Josu Cid: "Pazientzia izatea da garrantzitsuena, eta ez rapean bakarrik, gauza guztietan orokorrean"

Ander Larrañaga 2013ko maiatzaren 6a

Josu Cid (Aretxabaleta, 1991) txikitatik egon da rap munduan; 10 urte zituenetik bizi izan du musika mota hau, etxean, anaia nagusiak entzuten zuelako. Urte batzuk geroago, errimak egiten hasi zen, eta, kantu batzuk grabatu ondoren, lan batzuk argitaratu ditu, bakarrik zein konpainian. Honez gain, ahal duen guztietan oholtza batera igotzen da zainetan daraman erritmoa ikusleari erakusteko.

Nola definituko zenuke zure musika? Zer kontatzen duzu zure kantuetan?

Rap munduan guztiok egiten dugu antzekoa. Nork bere bizitza eta anekdotak kontatzen ditu, edota zerbaiten inguruan iritzia ematen du.

Zenbat lan edo disko argitaratu dituzu orain arte?

Orain dela lau urte, Diosu 2009 izeneko maketa txiki bat grabatu nuen. Hasiera batean, estudio batean egin nahi nuen, baina, diru nahikorik ez nuenez, mikrofonoak, bozgorailuak eta beharrezko materiala erosi eta etxean muntatu nuen estudioa. Lagun batek Vikario Pesadilla en VKR izeneko diskoa kaleratu berri du eta pare bat abestitan ere kolaboratu dut.

Bat-bateko inprobisazioa jorratzen duzu kontzertuetan ala aurrez prestatutako abestiak?

Gehienetan, prestatuak izaten dira. Batzuetan, aldiz, barrutik ateratzen zaidana egiten dut eta inprobisaziorantz jotzen dut; unearen arabera izaten da.

Zertan desberdintzen da hip-hop musika gainontzeko musikatik?

Adierazpen askatasunean, gehienbat. Rap abestietan dezente gehiago esaten dira pentsatzen diren gauzak beste estilo batzuetako abestietan baino.

Zein beste talde edo abeslarirekin parte hartu duzu abesti edo emanaldietan?

Normalean, lagunekin igotzen nahiz agertokira. Urte hauetan zehar jende asko ezagutu dut, eta, azken diskoan, Kodigo Norteko DJ batzuekin grabatu ditugu kantuak.

Zein da rap musikaren egoera Debagoienean eta, orokorrean, Euskal Herrian?

Ez du indar handirik. Edozelan ere, herriaren arabera da; leku batzuetan nahiko zabalduta dago eta beste batzuetan, ez. Arrasaten, adibidez, jende dezentek entzuten du; Aretxabaletan, aldiz, ia inork. Azkenaldian, rapa moda ere bilakatu da, musika estilo bat izateaz gainera. Baina rapa ez da hori bakarrik; izan ere, bizi izateko modu bat ere badela esango nuke.

Rapak eta bertsolaritzak puntu asko dituzte batera. Zuk ere bizi al duzu bertsolaritza rapa bezain beste?

Bertsolaritza ez dut askorik jarraitzen, baina egia da nahiko antzekoak direla. Hala ere, desberdintasuna da rapak musika duela atzetik; hau da, instrumentalagoa da. Bertsolaritza, aldiz, ahots hutsean oinarritzen da, gehienetan.

Rap txapelketaren batean parte hartu izan duzu inoiz?

Red Bull txapelketan parte hartzeko asmoa nuen, baina, azkenean, ez nintzen aurkeztu, denboraldi baterako utzi bainuen musika. Horrez gain, hemen inguruan egin diren hip-hop ekitaldi batzuetan igo izan nahiz oholtzara errima batzuk egiteko eta, bide batez, nire musika ezagutzera emateko.

Rap musika egiteaz gainera, zein beste zaletasun dituzu?

Margotzea oso gustuko dut eta betidanik egin dudan zerbait da. Denboraldi batez, break dancea egin nuen, baina, nire indargunea ez zela ikusita, utzi egin nuen. Bestetik, kirolak ere oso gustuko ditut; gehienbat, futbola eta saskibaloia.

Zer gomendatuko zenieke rap munduan hasiberriak direnei?

Pazientzia izatea da garrantzitsuena, ez rapean bakarrik, gauza guztietan orokorrean. Denbora luzea eskaini behar zaio afizio honi, apurka-apurka ikasten eta hobetzen joateko.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak