Zigorrez eta txertoez hitz egiteko berbaldi bana gurasoentzako

Zuriñe Velez de Mendizabal 2013ko maiatzaren 2a

Aretxabaletako Kuku Miku elkarteak bi hitzaldi antolatu ditu maiatzerako. Aurrena zigorrak izango dituzte hizpide, eta ondoren, txertoen gainean egingo dute berba.

Aurrenekoa astelehenean izango da, maiatzak 6, 17:30ean hasita. Nerea Mendizabal psikopedagogoak eskainiko duen Ez dut zigortu nahi! berbaldiak gurasoek haurren portaeraren aurrean izaten duten jarrera aztertuko du. Hala azaldu dute antolatzaileek: "Askotan haurrak duen jarreraren aurrean, ikas dezan, ondorio bat ezarri nahi zaio eta batzuetan, zigorrak jartzea beste armarik ez zaigu gelditzen".

Hori horrela, zigor zein xantaiaz gainera, bestelako aukerak daudela ikusi eta horiek aztertuko dituzte Mendizabalen laguntzarekin elkartearen lokalean.

Txertoez berbetan

Kuku Mikuk antolatutako bigarren hitzaldia, berriz, maiatzaren 14an izango da, martitzena, eta osasun gaiak landuko dituzte orduan. Hain zuzen ere, txertoak izango dituzte ardatz 18:00etan hasiko den hitzaldian. Gaztelaniazko saioa izango da, eta Dorleta Martinez Busteros medikua arduratuko da saioa gidatzeaz.

Bi hitzaldiak irekiak eta doakoak izango direla eman dute aditzera.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak