Herri izaera berreskuratzea bultzatuko du Otala-Zelai krosak

Zuriñe Velez de Mendizabal 2013ko apirilaren 26a

Berritasunekin dator 35. Otala-Zelai herri lasterketa. Maiatzaren 12an izango da aurtengo krosa, eta helduen sailean beste kategoria bat sortu dute antolatzaileek: hain zuzen ere, binakakoa.

Aretxabaletako Kirol teknikari Asier Muxikak aipatu duenez, bi arrazoirengatik sortu dute kategoria berria. "Alde batetik, lasterketaren herritartasun izaera sustatu eta berreskuratu gura izan dugu. 35 urte betetzen ditu krosak, eta aldatzen joan da egoera, zalantzarik gabe. Lehen, herritar gehiagok hartzen zuten parte, eta, urteekin, maila handiko korrikalariak etortzen hasi ziren".

Muxikaren esanetan, horrek aretxabaletarren parte hartzea moteldu du: "Egun, ez dute lehen beste ematen izena, eta kategoria berriarekin gizon eta emakume gehiago animatuko direla uste dugu".

Bestalde, binakako kategoriak mistoa izan behar duenez, "emakume gehiagok parte hartzea" gura dute antolatzaileek.

Lasterketa egunean bertan izena emateko orduan hautatu beharko da bakarka edo binaka lehiatu. Aditzera eman dutenez, "bikotearen azken korrikalariak emango dio denbora bikoteari".

Lehiaketa baino gehiago

Hiru izango dira kategoria berriko sariak: garaikurrarekin batera, 200 euro, 150 euro eta 75 euro jasoko dituzte lehenengo hiru bikoteek.

Dena dela, Aretxabaletako Kirol teknikariak lehiakortasunaz haratago joan gura dutela eman du aditzera: "Gure asmoa da, irabaztera edo errekorra egitera etorri barik, parte hartzera eta ongi pasatzera etor daitezela. Esan bezala, Otala-Zelai lasterketaren herri izaera berreskuratu gura dugu".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak