Kostako 35 emakume dira zure azken liburuko protagonistak. Zergatik?
Barnealdeko eta kostako emakumeak berdinak dira, baina kostaldekoek urteetan berezitasun bat izan dute, denbora asko eta asko egiten zutela bakarrik. Hau da, beraien senarrak, semeak, aitak, anaiak, maitaleak... itsasoan egoten ziren urteko sasoi luzeetan, Ternuan-eta, balearen arrantzan, esaterako.
Historiak jaso ez arren, paper garrantzitsua betetzen zuten emakume horiek, ezta?
Bai. Historia kontatu izan dutenek ez dituzte aipatu izan emakume horiek. Eta bakarrik egoten zirenean den-dena atera behar izaten zuten aurrera, ez ziren etxean sartuta geratzen. Sarritan hartzen zuten negozioaren gidaritza, esaterako. Eta duela aste batzuk Bermeon gertatutako suteen antzekoak jazotzen zirenean, beraiek ziren suak itzaltzen zituztenak, beraiek berreraikitze lanetan egoten zirenak. Egia da idatzizko dokumentu oso gutxi daudela kostako emakume horiei buruz, baina egon badaude. Nik irakurrita ditut.
Eta horietan oinarritu al zinen liburua idazteko orduan?
Egia esan behar badut, 35 istorioetatik 3 bakarrik daude dokumentuetan oinarrituta. Gainerakoak herri bakoitzaren nortasunari egokituta nire irudimenetik sortutakoak dira, asmatutakoak. Batzuetan istorio tristea kontatzen dut, bestetan barrez amaitzeko modukoak...
Idazle ibilbidean fikziora jo izan duzu, bestetan nobela historikoa landu. Non aritzen zara erosoen?
Gustura aritzen naiz edozein esparrutan, egia esateko. Gura dudana egiten dut momentu bakoitzean. Orain, esaterako, fikzio istorio bat daukat buruan bueltaka.
Zure liburuak hizkuntza ezberdinetan irakur daitezke.
Euskaraz, alemanez, ingelesez, portugesez... Egia da nik erdaraz idazten dudala, euskaraz jakin arren ez naizelako gai milaka berba erabiliz liburu bat osatzeko. Dena den, argi neukan euskarazko bertsioak behar zituztela nire liburuek, euskaldun sentitzen bainaiz, nire seme-alabak euskaldunak dira...
Liburuaren Eguna izan zen atzo, martitzena. Nola ikusten duzu egoera?
Badirudi estatistikek irakurtzeko zaletasuna gora doala esaten dutela, batez ere gazteen artean. Eta ez da gutxi, dituzten tramankulu guztiekin-eta. Liburuak erosten ez dituztenak ere, garestiak direla diotenak. Batetik liburu baten atzean jende asko dagoela esango nieke, (idazlea, maketagilea, editorea...). Bestetik, irakurri gura izan ezkero, liburutegiak ere hor daudela, maileguan hartzeko, edo bestela, eskatu norbaiti!