Lanbide Eskolako tailerretik irtenda, autoa lasterketetarako prest

Zuriñe Velez de Mendizabal 2013ko apirilaren 23a

Ikasitakoa praktikan ipintzea da Aretxabaletako Lanbide Eskolaren ezaugarrietariko bat, eta azken hilabeteetan garatutako proiektuetako batzuk aurkeztu dituzte. Horren adibideetako bat da, esaterako, Aretxabaletako Udalarekin sinatutako hitzarmenaren barruan, kaleetan ikusiko diren gaika sailkatzeko zakarrontziak egin eta martxoan jendaurrean azaldu izana. 

Bestalde, duela bi ikasturte, Euskal Automobilismo Federazioarekin hitzarmena sinatu zuten. Hala, ikasleek federazioarena den Abarth Punto auto bat moldatu zuten, xasisetik hasi eta lasterketarako funtsezko egokitzapen guztiak egiteraino.

Mundu berri bat ezagutu

Endika Fernandez irakaslea hasieratik egon da proiektuan. "Bi urte daramatzagu Euskal Automobilismo Federazioarekin elkarlanean. Denbora horretan erdi mailako automozio mekanika eta karrozeria ikasten aritu diren guztiak pasatu dira proiektutik". 

Egiten ari direna eskolaz kanpoko orduetan egin izan dute sarri, eta Hezkuntza Sailaren inplikazioa gurako luketela adierazi du Fernandezek: "Martxan dagoen proiektu bat da eta arlo ezberdinetako ikasleei aukera ematen die mundu berri baten barneratzeko. Garrantzitsua izango litzateke babes hori izatea". 

Haien asmoetako bat ohiko lanbidetik haratago aritzea posible dela erakustea izan da, eta gisa horretako proiektuek errespetu handiagoz aritzea ekartzen diete ikasleei eurei. Rikardo Lamadrid zentroko zuzendariak gaineratu duenez, talde lanean jardutea ere irakasten du horrelako egitasmoetan sartuta egoteak. "Talde lana aberasgarria delako; funtsezko balio bat, gainera".

Aurten, mantentze-lanak 

Abarth Punto 1.4 MultiAir 165 CV serieko autoa oinarri hartuta hasi ziren lanean ikasleak, beti irakasle baten begiradapean, "segurtasun kontuak-eta tartean daudelako, besteak beste". Iaz zortzi edo bederatzi lasterketatan aritu zen autoa. Beraz, Lanbide Eskolakoen egitekoa mantentze-lanak egitea da. 

"Errotulazio berria egin eta ibilgailuari azterketa pasatu zaio, motorra begiratu da, esekidura berriak egiteko daude...". Inguruko enpresen laguntza ere badaukate, "besteak beste, ordezko piezak zein eskuliburuak eskuratzeko", adierazi du Fernandezek. "Izan ere, haiek gabe, askoz zailagoa izango litzateke mantentze-lanak egitea". 

Federazioarekin duten hitzarmena beste pare bat urtez luzatzea aurreikusten dute.

-----------------

Rikardo Lamadrid (Lanbide Eskolako zuzendaria): "Ikasleek gara ditzaketen proiektuek motibazioa pizten dute haiengan"

Lanbide Eskolako zuzendariarentzat garrantzitsuak dira ikasleek praktikara eramaten dituzten proiektuak, eta horretaz egin du berba.

Teoriatik praktikara pasatzea oso garrantzitsua da zuentzat, ezta? Zalantza barik. Lanbide Eskolatik sartu izan garen proiektuak ematen ditugun ziklo guztietako ikasleengan pentsatuta eraman ditugu aurrera beti, haiek garatu ahal izateko modukoak izan daitezen saiatuz. Horrek ikasleengan motibazioa asko pizten du, gainera. Aretxabaletako kaleetan ipintzeko zakarrontziak birmoldatzeko lanak gustura asko egin zituzten, esaterako. 

Autoa egokitzea ere pizgarria izango zen haientzat. Hori da. Aurrena autoa moldatu behar izan zuten eta orain mantentze-lanak egitea da helburua. Gazteen artean auto lasterketak egiteko dagoen zaletasuna handia da, eta eskolan horrelako aukera izateak balio erantsia ematen dio. 

Aretxabaletako Udalarekin eta Euskal Automobilismo Federazioarekin dituzuen hitzarmenez gainera, besterik baduzue? Hedabideetan ikasleen lanaren gaineko albisteak agertu izan dira eta oihartzuna eduki dute; izan ere, deitu izan digute antzerako proiektuak eskainiz, betiere ikasleekin lantzeko. Baina orain ez da une ona, ikasturtea amaitzear baitago; opor ostean hartuko genuke. Irekita gaude proiektuei.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak