'Prozaka.eus' medikamentu berriaren eraginkortasuna argi geratu zen Aretxabaletan

Jagoba Domingo 2013ko api. 21a, 19:10

Euskaldunen eskizofrenia elebidunaren aurkako medikamentua aurkeztu zuten atzo, zapatua, Aretxabaletan. Kepa Arrastik eta Oihan Vegak goraino bete zuten Zaraia aretoa arratsaldean egindako hiru emanaldietan.

Terapia esperimental berri bat ikusteko aukera izan zuten zapatu arratsaldean Aretxabaletako Zaraia aretora hurbildu zirenak. Prozaka.eus antzezlana estreinatu zuten Kepa Errastik eta Oihan Vegak eta estreinaldiaren arrakasta ukaezina izan zen. Alde batetik, eskaini zituzten hiru emanaldietan Zaraia aretoa bete zuten eta bestetik, hasieratik publikoarekin konplizitatea lortu zuten.

Ikuskizuna aulki huts batekin hasi zen. Hainbat filmetan ikusi ditugun psikiatriko ilun eta beldurgarrietako eszena memoriara ekarriz. Aulkiak paziente bat behar zuen, eta Oihan Vegak interpretaturiko doktore eroak, Kepa Errasti aukeratu eta terapia soziolinguistikoari hasiera eman zion.

Aretxabaletarrak euskaraz bizitzeko gai diren frogatzea izan zen esperimentuaren helburua, eta horretarako Prozaka.eus medikamentua estreinatu zuten lehenengoz pertsona batean. Pilula berri honek emaitza onak lortu zituen linguistika aldetik, baina pazientea psikikoki kolokan utzi zuela argi geratu zen. Hala ere arrakastatsua izan zen.

Herria protagonista

Antzerkia, dokumental batekin eta egunerokotasunean euskararen erabileran izaten diren arazoak aztergai zituzten esketx batzuekin tartekatu zuten. Bertako protagonistak aretxabaletarrak izan ziren eta horri esker publikoarekin lotura berehalakoa izan zuten.

Bai protagonistak, baita ikusleak ere oso irribarretsu amaitu zuten estreinaldia, beraz hurrengoaren zain geratu behar.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak