Kepa Errasti aktore aretxabaletarrak eta Oihan Vega aurkezle bergararrak gidatu eta aurkeztutako ordubete pasako ikuskizunean, hogeita hamar herritarretik gora parte hartzen dute, grabatutako umorezko esketxetan aktore bilakatuz batzuk eta euskararekiko duten harremana eta bizipenak kontatuz, beste batzuk.
Umorezko euskarazko terapia
Izena aldatu dioten arren, elkarteko Sustapen Taldeak iaz sortutako Euskarazko espektakulue ikuskizunaren jarraipena da, Prozaka.eus. "Funtsean helburu bera duen arren, zerbait berria egin gura genuen, izena aldatu eta bakarrizketa formatuan egin beharrean, bi lagunen arteko berriketek lotzen dituzte oraingoan, gidoiko osagaiak" dio Kepa Errastik, ikuskizuneko zuzendariak. Herritarren parte-hartzea areagotu gura izan dutela dio Errastik, "Horretarako, iazko umorezko esketxen formularekin jarraitu dugu baina askotariko elkarrizketa serioagoekin tartekatu ditugu".
Taldekideen hitzetan, bi polaridade linguistikoan bizi gara; hori horrela, egunerokotasuneko egoerak antzeztuz sarritan dugun gazteleraren aldeko jarrera erakutsiko dute, bihar. Besteak beste, herriko kabina famatuan gau hotz batetan grabatu zuen Josu Antxiak dio zoritxarrez ondo isladatuta dagoela gaia: "Gure zoritxarrerako, gaztelerara jotzeko joera handia dugu". Sustapen Taldeko kidea den Resu Abasolok, euskararen erabileraren inguruan kontzientzia hartzea duela honek ere helburu dio; iaz praktika zatarren inguruan jardun zuten eta oraingoan, euskaldun izateak duen balore edo sentimenduetan hausnartzera bultzatu gura izan dutela. Oihan Vegak, berriz, honakoa gonbitea egin digu: "Asmatutako medikamentu bat da, euskaldunok gaixotasun patologikoa dugula ondorioztatu dugu: Nahiz eta euskaraz jakin, gazteleraz egiten dugu. Euskaraz bizitzeko kapazak izateko terapia proposatzen dugu".
Egitasmo herrikoia
Sustapen taldeak markatu zituen ikuskizunaren ildo nagusiak, baina proiektua gauzatzerako orduan, herritarren zein elkartetik, jaso duten babesa azpimarratu du Loramendi elkarteko Resu Abasolok. "Zehaztutako ideiak eta mezuari forma emateko profesionalak behar genituenez, segituan jo genuen Kepa Errasti eta Oihan Vegarena, aurreko lanean ondo erakutsi ziguten-eta, duten sormen eta komunikatzeko maila gorena. Herritarrei ere zabaldu genien deia eta esan beharra dugu, baiezkoak jaso ditugula bakarrik. Era berean, aurten bereziki, Copreciren laguntza eskertu gura genuke, eman diguten laguntza ezinbestekoa izan da, ikuskizuna plazaratzeko".