"Jarduera soziokulturalak eta proiektuen kudeaketa izena duen ikasgaian boluntario lana egingo dute ikasleek, eta, kasu honetan, Loramendi elkartea aukeratu dute. Guk proiektua geneukan buruan bueltaka, eta haiek garatuko dute". Hala adierazi du Josu Rezola euskara elkarteko kideak.
Publizitatea ikertuko dute
Egungo errealitateari begiratu eta sortutako kezka batetik abiatutako ikerketa izango da egingo dutena, Loramenditik aditzera eman dutenez. Hain zuzen ere, azken urteetan Aretxabaletako hizkuntza paisaia erdalduntzen joan den sentsazioa dute elkartean bertan, eta errealitatea aztertzeko proiektua martxan jarriko dute.
Hori horrela, publizitatea ikertuko du lantaldeak, Rezolak aipatu duenez: "Hizkuntza paisaiaren azterketa egiteko, merkataritzan, ostalaritzan, kalean eta etxean jasotzen dituzten publizitate mezuak aztertuko dituzte".
Informazioa bilduta, emaitzak ekainerako kaleratzea espero dute.