Fermin Muguruza: "Teoria eta praxia nahasteko aukera ona da Huhezinema"

Ruben Cuesta 2013ko apirilaren 17a

Huhezinema jaialdiak antolatuta, 'Zuloak' dokumentalaren nondik-norakoak azaldu dituzte Fermin Muguruzak eta Arrate Rodriguezek arratsaldean. Ikus-entzunezkoen arloan murgilduta dabiltzan profesional zein ikasleentzat zuzenduta egon da berbaldia eta dokumentalaren sormen prozesua biluztu dute. Interesa piztu du saioak, ikasleen artean batez ere.

Hitzaldi-mintegian, Fermin Muguruzak esan du aukera ona dela era honetako jaialdietan parte hartzea, sorkuntza arloan jendea ezagutzeko nahiz espreientziak elkartrukatzeko. "Teoria eta praxia nahasteko aukera ona da Huhezinema", gaineratu du. Gomendio batzuk eman ditu ikus-entzunezkoei buruz: "Ikus-entzunezko produkzio independenteek behar dute areto komertzialetatik haratago joatea, esate baterako, jaialdiak antolatuz".

Gazte jende ugari joan da Fermin Muguruza entzutera.

'Zuloak' dokumentala

Zuloak dokumentalak Euskal Herrian taula gainean dabiltzan hiru emakume musikariren errealitatea islatzen du; hasi berri den emakume rock talde baten istorioa jarraitzen du. Fermin Muguruzak oihartzun handiz estreinatu zuen iaz filma Donostiako Zinemaldian, eta atzerrian estreinatzen ari da orain: Santiago de Chilen, Kolonbian eta Brasilen, besteak beste. Eta ikus-entzunezkoa Krakoviara joango da laster.

Kontzertuak

Taldearekin munduan zehar egiten dabilen kontzertu-biran tarte bat eginda etorri da gaur, eguaztena, gure artera Fermin Muguruza musikari ezaguna. Eta aste bukaera honetan kontzertuekin jarraituko du. Atzerrian ere joko dute, besteak beste, Alemanian. Baina albiste txarrak ere jaso ditu, izan ere, atzo komunikatu zioten Madrilen zuen kontzertu bakarra bertan behera utzi dutela, "arrazoi politikoengatik".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak