Euspot euskarazko spot lehiaketaren bigarren edizioa izan da aurtengoa eta aurrekoa bezala Arteman Komunikazio enpresak, MUk eta Aretxabaletako Udalak antolatu dute Huhezinema film laburren lehiaketa barruan.
Hiru sari
Guztira hiru sari banatu dira:
- Publikoaren saria: 500 euro. Aitor Abaroa (Lekeitio). Ixi Boards spotarekin. 1.307 bozka jaso dira guztira, eta horietatik 373 bozka izan dira irabazleak jaso dituenak. Arteman Komunikazioa enpresaren ordezkaria den Arantzazu Lagunillak eman du saria.
- MUko ikasleen spotik onena: 500 euro. Amaia Urteaga (Beasain). Euskara sarean #datsegit spotarekin. Saria Aitor Zuberogoitiak eman du, MUko Ikus-entzunezko komunikazioko koordinatzaileak.
- Spotik onena: 1.000 euro. Markos Goikolea (Iruñea). Bakoitzak berea. Sarean Euskaraz spotarekin. Iñigo Louvelli, Aretxabaletako euskara zinegotziak banatu du saria.
- 18 urtetik beherakoen sarirako lanik ez da aurkeztu eta hortaz, saria hutsik geratu da.

Spotik onenaren sarituak.

Publikoaren saria.

MUko ikasleen spotik onena.
Sari banaketa ekitaldia
Aretxabaletako Arkupe Kultur etxeko Zaraia aretoan egin da sari banaketa ekitaldia, Ainhoa Vitoria (Euskadi Gaztea) kazetariaren zuzendaritzapean. Hasiera eta amaiera Raul Romo saxofonistarekin eman zaio eta Maite Goñik (Internet eta hezkuntza arloetan aditua) hitzaldia eskaini du.
Euskara, gazteak eta sare sozialak aintzat hartuta egungo egoeraren ikuspegia eskaini ditu MUko irakasle eta Euskadi Irratiko iritzi emaileak. Gainera, 22 iragarkiak ikusi ahal izan dira eta ekitaldi ostean lunch batez gozatu ahal izan dute.
22 lan Euskal Herri osoko txoko ezberdinetakoak
Lehenengo edizioarekin alderatuta, "kalitateak gora" egin duela eta parte-hartzea "nabarmen hazi" ela adierazi dute Euspot lehiaketako antolatzaileek. Izan ere, iaz 9 lan aurkeztu ziren eta aurten 22 lan lehiatu dira sari nagusia eskuratzeko. Kalitateak ere gora egin du, eta "lan oso dotoreak eta askotariko estilokoak" aurkeztu dira.

Raul Romo saxofonista.

Maite Goñi.
Arteman, Aretxabaletako Udala eta MU
Bigarren urtez jarraian Arteman Komunikazioa, Aretxabaletako Udala eta MU izan dira Euspot 2013 lehiaketaren sustatzaile nagusiak. Hiruak ere oso pozik agertu dira aurtengo edizioak izandako oihartzunagatik, eta bide horretatik jarraitzeko asmoa erakutsi dute.
Hemen beste bi spot sarituak: