'Baserrisarea.com': bertako ekoizleek egindako produktuak etxean jasotzeko bide berria

Imanol Soriano 2013ko apirilaren 16a

Debagoieneko baserritarren produktuak on line saltzeko denda birtuala du Baserrisarea.com helbideak, beste zerbitzu batzuen artean. Gure ekoizleak hasi dira sare bidezko eskaerak jasotzen. 

Aretxabaletako Etxezuri baserriko Jon Murgiondok hasieratik ditu bere gaztak salgai Baserrisarea.com helbidean. Dagoeneko salmenta bat baino gehiago egin ditu on line.

Zergatik daude zure gaztak Baserrisarea.com-en?

Saltzeko beste modu bat da. Teknologiari esker, egun jendea ohitzen ari da erosketak Internet bidez egitera, eta ez dugu aukera hori galdu behar. Gure produktuak ere eskaini gura ditugu sarean, eta Baserrisarea.com helbidea modu egokia da horretarako.

Nolako gaztak dira zuenak?

Etxekoak, bertan egindakoak. Betidanik egin dituzte gaztak gurean, eta jarraitzen dugu egiten. Ardi-esnearekin egindako gaztak ditugu. Baserrisarea.com-en, gainera, gazta osoa, erdia edo laurdena erosteko aukera eskaintzen dugu.

Saldu duzue gaztarik Baserrisarea.com-en bidez?

Bai, bai, salmenta bat baino gehiago egin ditugu dagoeneko. Galiziatik eta Kataluniatik jaso ditugu, adibidez, eskaerak.

Nola egiten duzue banaketa?

Erostea oso erraza da. Baserrisarea.com helbidean bakarrik sartu behar da. Produktuaren eskaerak eguaztenera arte jasotzen ditugu, eta eguenetan egiten dugu banaketa. Jakion arduratzen da horretaz. Guk gure eskaerak Leintz Gatzagara eramaten ditugu, eta handik egiten du banaketa Jakionek, zuzenean etxera.

Gaztak ez ezik, bestelako produktuak ere badaude Baserrisarea.com-en, ezta?

Bai. Guk gaztak ditugu, baina badira txakolina, babak, kiwiak eta marmeladak saltzen dituztenak, esaterako. Ekoizle guztiak dira hemengoak, bailarakoak, eta etxean egindako produktuak saltzen dituzte. Guk ere badugu asmoa produktu gehiago saltzeko aurrerantzean, dibertsifikatzeko asmoa dugu.

Zer gehiago eskaintzen du Baserrisarea.com-ek?

Kanpokora begira, denda birtualaz gain, Debagoieneko landa ingurunea ezagutzeko aukera ematen du, eta baita ibarrean egiten diren azoka eta ekitaldien berri ere. Ekoizleondako ere topaleku bat da. Elkarlanerako aukera eman digu; hori ona da.

Apustu ona da Baserrisarea.com?

Bai, bai. Jendeak eskertzen du produktuen ekoizleak ezagutzea. Denok gara bertakoak, eta atari honek gure produktuak on line erosteko aukera ematen du. 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak