Herri nordikoetan iraupen eskia praktikatzen zutenek denboraldia amaitzerakoan zer edo zer egiten jarraitu gura zuten, eta halaxe sortu zen ibilkera nordikoa. Ibiltzea da gakoa, baina bastoiak baliatzen dituzte itzuliak egiteko, teknika bereziak landuta.
Hala, gaurtik aurrera, kirol modalitate honen inguruan ordubeteko saioak egingo dituzte, martitzen eta eguenetan, 18:30etan hasita.
Teknika eta mendizaletasuna
Teknika batzuk landuz osasunarentzako onuragarriak diren beste arlo batzuk garatu direla adierazi du saioak emango dituen Kepa Larreak: "Esaterako, sistema kardiobaskularra lantzen da, bastoiak erabilita eta besoak-eta ongi mugituz".
Teknika aldetik desberdinak daudela gaineratu du Larreak. "Gure helburua beste herrietan garatu den teknika eta Euskal Herrian mendian ibiltzeko dagoen ohitura uztartuz taldea martxan ipintzea da". Horretarako, Aretxabaleta inguruko bidexkak, dela Urkulura bidean zein bidegorria baliatuta, kirol modalitate hau promozionatuko dute. "Udaberriari begira, kiroldegi kanpoan ere ariketa egiteko aprobetxatuko dugu, gainera".
Parte-hartzea zabalik
Bihar hasiko dituzte saioak zortzi lagunek, baina oraindik interesa duten guztiek eman dezakete izena, "Ibarrako bazkide izan ala ez". Beraiek ipiniko dituzte bastoiak, "eta parte hartzaileek gogoa ekarri beharko dute".
Ibilkera nordikoa zer den irakatsiko dute, teknikari buruzko ariketa batzuk egingo dituzte, eta ondoren praktikan ipiniko dute ikasitakoa, 30-40 minutuko ibilalditxoak eginez.
"Nik uste dut aukera polita dela, ibiltzeko afizioa badago eta taldean joatea ere gustuko izaten dugu. Egia da ez dela ohikoena jendea bastoiekin paseatzen ikustea (Aretxabaletan bi aritzen dira) eta oraindik bitxi samarra den arren, poliki-poliki ohitura hedatzen joango da".