Lehendakaria Copreciren 50. urteurrenean, gaur

Imanol Gallego 2013ko apirilaren 15a

Gaur, astelehena, Copreciren 50. urteurreneko ospakizun ekitaldia izango da Aretxabaletan, eta bertan izango da, besteak beste, Iñigo Urkullu, Eusko Jaurlaritzako lehendakaria. Ekitaldian, Copreciren handitze lanak inauguratu eta kooperatibaren izena eramango duen kale bat inauguratuko dituzte.

Aurten Coprecik 50 urte beteko ditu eta hasia da urteurren berezi honen inguruko ekitaldiak aurrera eramaten.

Gaurko ekitaldia ohorezko gonbidatu eta guztu egingo dute: Iñigo Urkullu, Eusko Jaurlaritzako lehendakaria; Txema Gisasola, Mondragoneko Kontseilu Orokorreko presidentea; eta Ana Bolinaga, Aretxabaletako alkatea.

Bi inaugurazio

Ekitaldiari dagokionez, hasteko eta behin, bideo korporatiboa proiektatuko dute, eta instalazioak ikusteko bisita labur bat egingo dute segidan. Lantegia ikusi ostean, Aretxabaletako kooperatibak duela gutxi bere instalazioen barruan egindako handitze lanak eta lantegiaren atzean dagoen enpresaren izena eramango duen kalea ere inauguratuko dituzte. Ekitaldiko agendaren arabera, bukatzeko, Mondragon taldeko presidenteak eta lehendakariak jende aurrean hitz egingo dute. Mondragon Korporazioko beste kooperatiba batzuetako zenbait ordezkari ere egon dira gaurko ospakizun ekitaldian.

Gaurkoa Copreciren 50. urteurrena ospatzeko prestatutako ekitaldi zerrenda luze bateko lehen ekitaldi berezia izango da.

Copreci, Aretxabaletako parte

Duela mende erdi sortu zen Aretxabaletako Copreci kooperatiba eta bere hazkundea Aretxabaleta eta bertako herritarrekin batera egindako prozesua izan da. Gauzak honela, eta urtemuga borobil honen harira, kooperatibako kideek Udalera jo zuten eskaera zehatz batekin: hain zuzen ere, enpresa kokatuta dagoen goiko kaleari Copreci izena ipintzea. Udalak eskariaren gaineko gogoeta egin zuen, eta inguruko enpresak jakinaren gainean ipini zituen ondoren. Alegaziorik jaso ez dutenez, osoko bilkuran gaia bozkatu zuten. Aralar alderdiaren abstentzioarekin eta Bildu eta EAJren aldeko botoekin onartu zen, azkenean, bidearen izendapen berria. Anekdota itxura duen istorioak argi uzten du enpresak eta herriak duten harreman estua. Gaurko ekitaldi berezia baina, ez dira kooperatibak urteurrena ospatzeko egingo duen ekintza bakarrak. 

Urtemuga borobiltzeko gainera, osasun ezin hobean ospatuko ditu Coprecik 50 urteak. nazioarteko krisiaren erdi-edian, Coprecik 200 milioi euro fakturatu zituen, 2011n baino %10 gehiago, eta aurtengo aurreikuspenak bide beretik doaz, %5eko hazkunde aurreikuspena du-eta. Duda barik, bazkideendako eta langileendako ospakizunik onena.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak