Zikloturista eta bizikleta zaleek zer ikasia izango dute Ibarra kiroldegian

Lander Diego 2013ko apirilaren 13a

Txirrindularitza profesionalak ere ez du lortu krisialditik ihes egiterik: lasterketa asko antolatzeko zailtasunak, babesleak bilatzeko –edo dauenak mantentzeko– ezintasuna... Baina kontrara, zikloturismoa sasoiko dagoela aurrera genezake, zonalde honetan bai, behintzat. Geroago eta herritar gehiago animatzen dira bizikleta hartu eta errepidean edo mendian kilometroak egitera, zikloturistek geroago eta proba gehiago izaten dituzte aukeratzeko eta duda barik, jendearen interesa piztu duen kirol jarduera da. Eta ziklismo-gose hori asetzeko asmoz datorren egubakoitzean, apirilak 19, txirrindularitzaren gaineko tailerra antolatu dute Ibarra kiroldegian. Hala, egitarauari dagokionez antolatzaileek hiru hitzordu prestatu dituzte.

Tailerra hasteko, 17:30etik 19:00etara mahai inguru modukoa egingo dute. Tailerreko antolatzaileen esanetan, berbaldi luzea egin baino asmoa da herritarrek aktiboki parte-hartzea, dituzten zalantzak zuzenean galdetuta; hala, zelan entrenatu, zelan elikatu, errendimenduari buruz jakin beharrekoak, bizikleta neurriak, materiala... gai horien guztien gainean jardungo dute. Eta gai horietan ondo jantzita dauden Kepa Zelaia eta Alberto Garai (kirol medikuak), Markel Irizar (Radioshackeko ziklista) eta Emaitz Izagirre (ziklismoko teknikari biomekanikoa) izango dira.  

Entrenamendu esfezifikoak 

Jarraian, 19:00etatik 19:45era Markel Iriza txirrindulariaren eskutik areto bizikletako entrenamendu espezifikoa egingo dute, eta 19:45etatik 20:30era zikloturistendako fitnes entrenamendua. 

Ibarra kiroldegian bertan eman daiteke izena (tailerra doan izango da) 943 039 842 telefonora deituta, edo info@ibarrakiroldegia.com helbidera idatzita.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak