Aurten gainera fikzioaz gain dokumentalak, animazioa eta bideoklipak ere sartuko dira lehiaketara. Genero aldetik aberatsagoa da aurten lehiaketa eta osagai berezi batekin ere badator: gastronomia. Basque Culinary Center-ekin hitzarmen egin eta ikasleen lanetatik euskal gastronomia ondoen islatzen duen lanari ere saria emango diote. Goiena Komunikazio Taldea ere laguntzailea da eta, hain zuzen, sail ofizialeko euskarazko filmik onenari saria emango dio.
Sortzaileei bultzada
Bost edizio ez dira alferrik igaro eta euskal zirkuituan erreferentzia da Huhezinema. Iban del Campo, fakultateko irakasle eta jaialdiaren koordinatzailea denak, gainera, aipatzen du parte-hartzaileek errepikatu egiten dutela eta saria irabazteak sormen lanarekin aurrera egiteko balio izan diela esan dietela saridunetako askok. "Egileari saria dirutan emateaz gain, aurrera egiteko konfiantza ere" eman gura diotela dio Del Campok. Era berean, ikasleentzako aukera baliotsua da jaialdia, euren lanak pantaila handian ikusi, jaialdi baten parte hartu eta zuzeneko bizipena izateko aukera ematen zaielako. Ikasleena da, azken finean jaialdia, antolaketan ere, ekoizpenetik hasi eta komunikazioa barne, fakultateko ikasleek egiten baitute. Epaimahaiari dagokionez, Angel Aldarondo, Beñat Eizagirre eta Iratxe Fresnedak osatuko dute. Jaialdiko ikusleek ere ikusleen saria banatuko dute. Gutxi aurreratu badaiteke ere, Iban Del Campok nabarmentzen du aurtengo lanen kalitate handia dela eta aukera egongo dela ikusteko hain bogan dauden genero arteko sorkuntza lanak eta baita artistikoak ere.
Mintegia, Fermin Muguruzarekin
Apirilaren 16, 17 eta 18an izango da jaialdia, Aretxabaletako Arkupe Kultura Etxean (Egitarau osoa eta filmen zerrenda, azpian). Ikasleen lehiaketa eguaztenean izango da eta sail ofiziala ostegunean. Tartean, Euspot euskarazko spot lehiaketa izango da martitzenean eta eguazten arratsaldean hitzaldi-mintegia egingo da. Aurten Fermin Muguruza eta Arrate Rodriguez sortzaileak Zuloak filmari buruzko azalpenak emango dituzte saio ireki baten. Zuloak Euskal Herrian taula gainean dabiltzan hiru emakume musikarien errealitatea islatzen du. Hasi berri den emakume rock talde baten istorioa jarraitzen du. Fermin Muguruzak oihartzun handiz estreinatu zuen iaz filma Donostiako Zinemaldian, eta asteazken honetan, Aretxabaletan izango ditugu, Huhezinema Jaialdiaren bigarren jardunaldian.
Iban del Campo ı Huhezinemako koordinatzailea"Kalitate handiko lanak jaso ditugu"
|
Egitaraua
Apirilak 16, martitzena
19:00 Euspot. Euskarazko spot lehiaketa.
Apirilak 17, eguaztena
10:30 MUko ikasleen lehiaketa.
17:00 Hitzaldi-mintegia 'Zuloak' filmari buruz. Fermin Muguruza eta Arrate Rodriguezekin.
Apirilak 18, eguena
17:30-18:40 Lehiaketa ofiziala.
19:00-20:10 Lehiaketa ofizialaren jarraipena.
20:30 Sari banaketa ekitaldia. Ostean luntxa eskainiko da.
Sail ofizialeko filmak
Albaitari / Pablo Vijande.
Aner / Unai Garate.
Beerbug / Ander Mendia.
Deus et machina / Koldo Almadoz.
Hamaiketakoa / Telmo Esnal.
Hondartza / Amaia Badiola.
Kaixo Egunon / David Kanon.
Loco con ballesta / Kepa Sojo.
Los Perfeccionistas / T. Dávila Wood.
Lucia / Maddi Barber eta Gorka Beunza.
Tarantela / Unai Rosende.
Tesoros / Iván Cortázar.
