Zortzi aurpegi eta ideia berri ugari Aretxarten, urtarrila ezkero

Zuriñe Velez de Mendizabal 2013ko martxoaren 27a

Aretxarte merkatarien elkarteak batzordekideak berritu ditu eta urtarrila ezkero, zortzi aurpegi berrik osatutako taldea buru-belarri ari da lanean.

Aurreko batzordea bost kidetakoa zen, eta "jende berria taldean sartzeko prest zegoela ikustean utzi egin zuten", eman du aditzera Idoia Elexpuru Aretxarteko lehendakari berriak.

Aretxarte, osasuntsu

Aretxarte nola topatu duten galdetuta, egoera onean dagoela adierazi du Elexpuruk. "Bazkideok ipintzen dugun dirua eta Udaletik jasotzen den laguntza urtean zehar ekintza ezberdinak antolatzeko baliatzen da. Orain diru hori bideratzeko ideia berriak pentsatzen ari gara".

Taldeak lanerako daukan gogoa azpimarratu gura izan du; buru berriek asmo berriak egikaritzeko aukera ekarriko dutela ziur baitago elkarteko lehendakaria. Aretxarteko lagunak urtero kalera irteten dira ekintza ezberdinak egiteko, eta horiexek mantenduko dituzte beraien agendan. Esate baterako, Ixadebalde eta moda desfilea egiten segituko dutela adierazi dute.

Denden hamabostaldia

"Baina berritasunen bat edo beste ere egongo da. Elkartea 35 lagunez osatuta dago, eta urtean zehar guztiek protagonismo apur bat edukitzea gura dugu. Hori horrela, denda bakoitzak bere hamabostaldia edukiko du eta denbora horretan zehar opari bat egongo da erosleen artean zozketatzeko".

Dendari garrantzia eman eta erosleak herrian kontsumitzera animatzea da bilatzen dutena eta urte bukaera bitartean aurrera eramango dute ekintza. "Apirilaren 15ean, Belar Meta eta Asensio arropa-denden hamabostaldia izango da".

Bazkide berriak 

Erronka ezberdinak ditu 2013rako Aretxartek. "Udalak bere webgunean merkatariei zuzendutako tokia du, eta guk kudeatzea gura du. Horri helduko diogu".

Bestalde, Aretxabaletako merkatari elkarteak  bazkide berriak egitea gurako lukeela adierazi du. "Herriko edozein denda eta tabernentzako zabalik gaude, eta geroz eta gehiago izan, orduan eta hobeto. Denok ezagutzen dugu elkar; interesatuak ipin daitezela gurekin harremanetan".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak