Nondik eta noiztik datorkizu bizikletarako grina?
Betidanik ibili izan naiz bizikletan. Udalan trialeko lasterketa bat egiten zen lehen, eta zazpi urte nituenean hasi nintzen bertan. Ordutik, beti ibili izan naiz trialean. 7 urtetik 20 urtera bitartean trialean zentratu naiz, baina urte horietan zehar beste modalitate batzuk ere egin ditut: errepideko txirrindularitza infantiletatik, mendiko bizikleta kadeteetatik, jaitsierak gazte mailatik eta enduroa iaztik. Enduroa modalitate guztien arteko konbinazioa da eta, era berean, nik gehien gustuko dudan modalitatea orain.
Zein taldetan ibili zara?
Trialean ez dago talderik, baina klub batzuetan ibili izan naiz. Errepideko txirrindularitzan Dorletako Amak beti izan du eskoletako talde bat, eta bertan ere lehiatu naiz. Mendiko bizikletara pasatzerakoan, Dorletako Amarekin batera Lizarralde Kirolak-ek babesten zuen taldean egon nintzen. Azkenik, orain nagoen taldea da garrantzitsuena, Orbea, enduroan.
Zein txapelketa garrantzitsutan hartu izan duzu parte?
Orain arte Euskal Herri mailako lasterketetan, nahiz eta, noizean behin, Espainiako Open lasterketetan parte hartu izan dudan. Iaztik, enduroan hasi nintzenetik, Espainiako Open eta Frantziako beste lasterketa batzuetan parte hartzeko aukera izan dut. Aurten, aldiz, munduko lasterketa batzuetan ibiliko naiz talde berrian.
Zeintzuk izan dira orain arteko zure lorpen garrantzitsuenak?
Trialean Gipuzkoako txapelketa sei bider irabazi dut eta Euskadikoa, birritan. Mendiko bizikletan eta jaitsieretan ere, birritan, modalitate bakoitzean. Iaz Espainiako Open txapelketan, enduroan, bigarren geratu nintzen. Horiez gain, Espainiako eta Frantziako lasterketa solteetan parte hartu eta podium batzuk egin ditut.
Nola pasatu da bizikleta afizio izatetik zerbait gehiago izatera?
Betidanik gustatu izan zaidan zerbait da txirrindularitza, eta, azkenean, afizio horrek beti bultzatzen zaitu entrenatzera eta lasterketetan parte hartzeko gogoa edukitzera. Gainera, esfortzuaren fruituak ikusita, emaitza horiek motibazio gehigarria dira niretzat gustuko dudan honetan jarraitzeko.
Orbeak fitxatu berri zaitu. Zer dakar horrek zuretako?
Izugarrizko aukera da niretzat. Orain arte nire kontu egiten nuen zerbait izan da txirrindularitza, eta orain, talde moduan ibiltzeko aukera eskaini didate; gainera, talde internazional batean. Izan ere, halako mailako talde batean egoteagatik laguntza dezente jasotzen ditugu. Orbea aukera oso ona izango da ikasten jarraitzeko: taldean izango ditugun taldekideak oso maila handikoak dira eta haiengandik ikasteko aukera paregabea da.
Bizikletaz gain, zeintzuk dira zure zaletasunak?
Bizikletari eskaintzen diot nire denbora libre guztia. Zaletasun hau nire bizitzeko era bilakatu da eta hau da nik gustuko dudana. Hala ere, txirrindularitzarekin lotutako ikus-entzunezkoak egitea ere gustuko dut. Zure izena edo burua ezagutzera emateko modu oso ona da; bide batez, honi esker izan zuen Orbeak nire berri.
Etorkizunerako proiektu berezirik ba al duzu txirrindularitzarekin lotuta?
Azkenean, nire helburua ondo pasatzea eta kirol honetaz gozatzea da, eta, honekin batera, txirrindularitzaz ikasten jarraitzea. Ez dut presio handirik nahi, ezta helburu zailik ere; ondo pasatuz etortzen dena primeran etorriko da. Gainera, enduroa berria da guztiontzat eta oraindik asko ikasi behar dugu denok.


