Coprecik kale bat izango du Aretxabaletan

Zuriñe Velez de Mendizabal 2013ko martxoaren 26a

Copreci kooperatibak Udalarengana jo zuen 2013an 50 urte betetzen dituela eta, eskari batekin: enpresa gaineko kaleari Copreci izendapena ematea. Udalak, kooperatibaren eskaria ikertu eta atzoko osoko bilkuran onartu zuten gaia.

Berrogeita hamar urte bete ditu aurten Coprecik. Urtemuga horren harira, kooperatibako kideek Udalera jo zuten eskaera zehatz batekin: hain zuzen ere, enpresa kokatuta dagoen goiko kaleari Copreci izena ipintzea. Udalak eskariaren gaineko gogoeta egin zuen, eta inguruko enpresak jakinaren gainean ipini zituen ondoren. Alegaziorik jaso ez dutenez, atzo egindako osoko bilkuran gaia bozkatu zuten.

Izaera eta bilakaera ardatz

Aralar alderdiaren abstentzioarekin eta Bildu eta EAJren aldeko botoekin onartu zen, azkenean, bidearen izendapena.

Bozketaren aurretik, taldeek gaiaren inguruan euren ikuspuntua azaldu zuten. Ana Bolinaga alkateak, esaterako, Copreci ez dela edozein enpresa adierazi duen: "Bere kooperatiba izaera kontuan hartuta eta herrian izan duen bilakaera ikusita, gaia landu behar zela ikusi genuen".

Aralarreko ordezkariek abstenitu egingo zirela esan eta arrazoiak eman zituzten: "Orain arte izen toponimikoak ipintzeko irizpidea eduki dugu. Ez dugu, noski, Copreciren kontra ezer, baina kale bati espresa baten izena ipintzeak ez digu belarrira ongi egiten eta gainera, aurrekari arriskutsua sortu dezake". Dena dela, kooperatibak eginiko lana aitortzearen alde agertu ziren Aralarrekoak, "plaka batekin, esaterako".

Orain arteko irizpideak jarraitzearen inguruan, alkateak esan zuen "Udalak malgutasunez jokatzeko aukera" izan behar duela eta ez liratekeela jarduteko betiko moduetara mugatu behar.

Proposamenak aldeko boto gehiago jasota, Copreci gaineko bideari izena aldatzeko beharrezko izapideak egingo dituzte. "Eta ondoren, kalearen izena daraman plaka eskatu beharko dugu".

Bidegorrien titulartasuna

Ez zen osoko bilkuran jorratutako gai bakarra izan. Besteen artean, bidegorrien eskualdaketa proposamena onartu zuten udal ordezkariek. Hori horrela, bi bidegorri zatiren titulartasuna lagako dio Udalak Gipuzkoako Diputazioari, hain zuzen ere, Mugikortasun sailak kudeatuko ditu.

Alde batetik, CVL enpresaren eta Arrasateko biribilgunearen arteko 209 metro igaroko dira Foru Aldundiaren eskutara, eta baita Eskoriatzara bidean doan bidegorri zatiaren beste 300 metro ere.

Bestalde, galde eta eskarien orduan, Mikel Uribetxeberriak batzordeetako bileren egunak finkatzea eskatu zuen. "Ez da eskaria egiten dudan lehenengo aldia, eta garrantzitsua dela iruditzen zait". Aralarko Joxe Anjel Antxiak ere ideia ona izango litzatekeela adierazi zuen, "lan egiteko modu hobea delako".

Horren harira, Bolinagak adierazi zien zenbait batzordek finkatuta dituztela datak; Kultura edota Ongizateak, esaterako.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak