Zer dela eta sartu zinen Aretxabaletako Udal Gobernuan?
Egia esan, nahiz eta Aralarren egon, ez nuen pentsatzen Udal Gobernuan sartuko nintzenik. Azkenean, konbentzitu egin ninduten eta hirugarren joan nintzen zerrendan. Ez nuen espero irtengo nintzenik; izan ere, Aralar sortu berria zen eta hor egoteko gai ginela erakutsi behar genuen.
Hutsetik hasi ginen lanean, ez genuen barne funtzionamendua ezagutzen. Baina esperientzia baloratu behar izanez gero, oso positiboa izan zela esango nuke.
Gustura geratu zinen bizipenarekin, beraz.
Zalantza barik. Sekula egin ez nituen gauzetan esperientzia hartzeaz gainera, asko ikasi nuen. Bestalde, egin gura ez dituzun gauzak egitera behartzen zaitu hor egoteak; azken finean, herri osoaren zinegotzia zara. Eta horrek eguneroko bizitzarako ere balio izan dit. Beste hainbat gauza ere eman zizkidan esperientziak; jendea ezagutzeko aukera, tartean.
Udalaren funtzionamendua kanpotik kritikatzea erraza da, baina barruan egoterakoan gauzak ez direla horren errazak ohartzen zara. Eskerrak eman behar zaizkie Udaleko sail ezberdinetako langileei; azken finean, haiek gorpuzten dute proiektua.
Ongizate zinegotzia izan zinen. Proiektu berezirik oroitzen duzu?
Bai; zaharren egoitzarena, hain zuzen ere. Proiektuaren hasierako urratsak eginak zeuden (egoitzaren kokaleku berriko lurren auzia, esaterako).
Baina Udalaren eta enpresaren arteko akordioak egin behar ziren. Eta aurreko egoitzako langile eta egoiliarrak toki berrira igarotzea egokitu zen. Oso gogorra izan zen, bilera ugari, sarritan etxera eramaten nuen gaia eta ez nuen deskonektatzen... Negoziazioa zaila izan zen. Dena dela, ongi funtzionatzen du eta pozik nago eginiko lanaz.
Baina, gainera, Kirol zinegotzia ere izan zinen garai hartan.
Bai, eta beste proiektu potolo bat izan genuen esku artean: kiroldegia. Kasu hartan ere proiektua lehiaketara aterata zegoen gu iritsi orduko, baina, haren ostean, nahiko buruhauste eduki genituen kiroldegi zaharra bota zutenean. Izan ere, orubearen azpian ur dezente zegoen, geologoek egindako aurreikuspenek esandakoa baino gehiago. Lanen epeak luzatu egin ziren eta, gainera, bilera gehiago egitea ekarri zuen, proiektua gauzatzen ari zen enpresaren gainean egon behar genuen etengabe, martxa onean joan zitezen lanok. Proiektu konplikatua izan zen. Nahiz eta gaur egun gaiarekiko kexa batzuk entzuten diren, oro har esango nuke erabiltzaileak pozik daudela.
Baduzu gogoan agintaldi hartako beste proiekturik?
Urkuluko bidegorria egin zen, oso ongi geratu zena, eta pozik nago emaitzaz. Bestalde, unibertsitatea herrian egotea orduko alkate Inaxio Garroren eskutik iritsi da. Lan handia egin zuen eta oso aberasgarria da herriarentzako, positiboa.
Bestalde, gogoan daukat Kurtzebarri Eskola handitzeko proiektua. Ezin izan genuen aurrera eraman, Eusko Jaurlaritzaren esku zegoen erabakia, eta, krisia zela eta, ez zegoen dirurik.
Krisiaren eragina, beraz, igarri zenuten agintaldian.
Noski. Eta Kurtzebarri Eskolarena ez zen kasu bakarra izan, anbulatorio berria ere behar zela uste genuen, baina erantzuna berdina izan zen. Esango nuke azken urteetan igarri genuela batez ere murrizketa aurrekontuetan.
Egitasmo asko bidean geratu ziren, tamalez. Iruditzen zait, bestalde, orain Udalean daudenek guk baino okerrago dutela.
Aukera edukiz gero, errepikatuko al zenuke?
Ez, behin eginda nahikoa da. Denbora luzea eskatzen du zinegotzi izateak, eta, esate baterako, familia izaten baduzu edo lanean bazabiltza, guztira iristea zaila da.