Inprobisatuz, harremanak lantzeko beste saio bat domekan

Zuriñe Velez de Mendizabal 2013ko martxoaren 22a

Domeka honetan bat-bateko sorkuntza saioa egingo dute Aretxabaletako Kuartel Zaharrean. Jaiki elkarteak urtarrila ezkero hilean behin egiten duen saiora interesatu guztiak gonbidatu gura izan ditu elkarteko kide Maier Etxebarriak, saioen gidariak.

Ekimen ezberdina da Jaiki elkarteak proposatzen duena. "Inguruan ez da antzekorik egiten, eta horren erakusgarria da urtarrilean eginiko saiora kanpoko jendea bertaratu zela". Etxebarriak esan bezala, Durango eta Gasteizko lagunek esku hartu zuten aurreneko inprobisazio saioan. "Orain arteko bi saioak ezberdinak izan dira. Lehenengoan 21 lagun elkartu ginen eta bigarrenean, berriz, 7; arrazoia elurra egin zuela izan zen".

Adierazpide artistiko desberdina izan gura dute bat-bateko sorkuntza saioek, eta zaletasun ezberdineko lagunak gerturatu ohi dira Aretxabaletara. "Egia esateko, batez ere dantza arlokoak aritzen gara, baina badira antzerkia bizi dutenak edota musikariak direnak. Adibidez, klarinetea jotzen duen kide batek musika tresna jotzen zuen bitartean, gainerakook dantzan egin genuen otsailean".

Ez dute jakiten zenbat lagunek hartuko duten parte saio bakoitzean. "Irekia da, eta ez da izenik eman behar". Dena dela, talde handiak aberatsak direla iritzi arren, Etxebarriak 20 lagun baino gehiago elkartzeak eragozpenen bat edo beste ere ekarri diela adierazi du: "Ez genuen horrenbeste jende espero; tokia txiki geratu zitzaigun, eta gure artean hartu-emana izan eta gauza bateratua egitea ez zen erraza izan. Baina oso gauza ederra irten zen aurreneko saio hartan".

Barneko haurraren bila

Barruko haurra ateratzeko modua da Jaiki elkartearen ekimena. "Jolastea eta gauza berriak sortzea, horixe da bilatzen duguna". Harremanak ere lantzen dituzte bat-batekotasunarekin, diziplina ezberdinetan murgildutako lagunek bat egiten dute, aurrez prestatu bako saioan, nahiz eta, Etxebarriaren esanetan, ez den erraza izaten.

"Nahiko ekintza esperimentala eta aberasgarria dela uste dut. Nahi duten guztiek domekan 17:30ean dute gurekin hitzordua, Kuartel Zaharrean".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak