“Duela urtebete hasi ginen, eta orain arte ekintza ezberdinak burutu izan ditugu”. Hala adierazi du Erik Badillo proiektuaren arduradunak. Futbolaren bidez balio ezberdinak barneratzea posible dela sinesten du Badillok, eta xede horrekin dihardute: “Eskulanen bidez, esaterako, ingurumenarekiko kontzientzia sortzen saiatu izan gara, ontziak margotu eta zelaian ipinita, esaterako”.
Horrez gainera, aurkariarenganako eta arbitroarenganako errespetuzko jarrera izatearen garrantziaz ere egin izan diete berba Eskua proiektuko parte hartzaileei.
Aretxabaletako Kirol Elkarteak martxan ipinitako egitasmoan, batez ere herriko neska-mutilek hartu dute parte. “Futbolean aritzen dira bertako gazte gehienak, eta modu ona da gustuko duten horren bidez bestelako gauza irakastea. Izan ere, egia da askotan ahaztu egiten direla balio horiek, kirol huts bezala ikusten dela”.
Urtebeteko bideari erreparatuta, “ondo joan da”, esan du Badillok. “Dena den, ideia zehatz batekin hasi ginen, esparru gehiagotara iritsi nahi genuen, eta ezinezkoa zela ohartu. Poliki-poliki joan gara eta gazteengana iristeko ahalegina egin dugu”. Badilloren esanetan, “nagusiek badute gauzak ondo edo txarto egiten diren sen kritiko hori”.