Begiraleak behar dira Aretxabaletako uztaileko udalekuetarako

Zuriñe Velez de Mendizabal 2013ko martxoaren 18a

Uztailaren 2tik 24ra bitartean egingo dira Aretxabaletako udaleku irekiak, baina dagoeneko eman daiteke izena begirale gisa aritzeko; apirilaren 10era arte, hain zuzen. Bestalde, udaleku itxietarako izen-ematea ere ireki dute.

Hiru dira begirale izateko bete beharko diren baldintzak, Udaleko Gazteria Sailetik aditzera eman dutenez: gutxienez 18 eta gehienez 30 urte edukitzea, euskaraz jakitea eta formazio saioetan parte hartzea.

Formazio saioei dagokienez, Maider Etxaniz Udaleko Gazteria Saileko teknikariak aditzera eman duenez, apirilean zehar egitea aurreikusten dute. "Orain, bertan zer nolako edukiak landuko diren zehazten gabiltza".

Interesatuek apirilaren 10a baino lehen gazteria@aretxabaleta.net helbidera edo udaletxeko gazteria zerbitzuan entregatu beharko dute beraien curriculuma.

Udaleku itxietan izenematea

Bestalde, atzo hasi eta hilaren 24ra bitartean, Foru Aldundiak antolatutako udaleku itxietan izena eman daiteke. 7 eta 13 urte bitarteko neska-mutilek, Zuhatza, Zarautz, Barria, Lapurreketa, Gorliz edota Zugastietara joateko aukera dago.

Udaletxean eman daiteke izena, edota internetez, http://gipuzkoagazteria.net/udalekuak/ helbidean.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak