Amesten jarraitzeko moduko garaipena UDAk

Leire Kortabarria 2013ko martxoaren 18a

Oso pozik zeuden klubeko kideak eta zaleak atzo Ibarran lortutako garaipen ederrarekin; izan ere, hiru gol egin eta euren atea hutsean edukitzeaz gain, etxeko bolada txarra apurtzea lortu dute.

Horixe azpimarratu du Igor Arenaza kirol zuzendariak: "Garaipen honek Aste Santuko oporren aurretik dugun partidurako indarra hartzeko balioko digu", esan zigun. Hondarribia taldearen etxean jokatuko dute hurrengo aretxabaletarrek.

Bost minutuan, bi gol

Partiduak bi izen propio izan zituen: Ander Fernandez eta Oxel Apraiz. Aretxabaleta "oso-oso indartsu" zelairatu zen, Arenazaren esanetan, eta Fernandez jubenilak segituan egin zuen lehenengo gola. Horren poza baretzeko astirik ere ia izan gabe, Oxel Apraizek bigarrena egin zuen. Bi golak bost minutuan etorri ziren. "Hainbat gol aukera izan ziren lehenengo zati osoan; batez ere UDArendako", esan digu Igor Arenazak. Kontuak kontu, atsedenaldira emaitza pozgarri horrekin joan ziren.

Beriok ere bere jokoa egiten zuen eta aretxabaletarren atera ailegatzen saiatzen zen; baina, halako baten, kontraeraso baten Ander Fernandezek jokaldia egin eta Oxelek buruz sartu zuen ate aurrean lasaitasunerako gola bere bigarrena.

Igoeraren bila

Horrenbestez, jardunaldi bukaeran laugarren postuari eusten dio Aretxabaletak. Amesten jarraitzeko moduko garaipena lortu zuen, igoera ematen duten bi postuetako batengatik borrokan jarraitzeko.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak