Topaguneak martxan ipinitako Auzoko egitasmoaren barruan elkartzen dira. Aretxabaletan, Loramendi euskara elkarteak eta Udalak elkarlanean eramaten dute aurrera proiektua. Talde erdia euskaldunez eta beste erdia sahararrez, kurduz, sevillarrez, mexikarrez eta galiziarrez dago osatuta.
Harreman sarea osatzen
Auzoko martxan ipintzeko behar bat zegoela adierazi du Larraitz Arandok, Aretxabaletako Auzokoko dinamizatzaileak. "10-20 urteotan gure herrietako errealitatea asko aldatu da; esaterako, lehen elebidunak baginen, orain eleanitzak gara, gurera bizitzera etorri direnengatik. Aretxabaletan ere horixe ikusi dugu".
Beste arrazoietako bat da euskal komunitateak eta gainerako komunitateek oso gutxitan mantentzen dutela kontaktua: "Euskaldunok elkarte, taberna edota kaleko gune zehatzetan mugitzen baldin bagara, euskaratik urruti daudenak anbulatorioan, Caritasen inguruan eta Helduen Heziketa Iraunkorrean elkartzen dira, esaterako. Ez dugu harremanik izaten, eta, egoera horretan, euskara irteten da galtzaile". Arandoren esanetan, "ez dute jakiten hemen beste hizkuntza bat berba egiten denik, ezta historia handiko kultura bat dagoenik ere."
Horregatik guztiagatik elkartzen dira egubakoitz arratsaldeetan; bai harreman sarea osatzeko, belarria euskarara egiteko (helburua ez baita euskalduntzea) eta, noski, baita une atsegina igarotzeko. Betiere, testuinguru informalean.
Ezagutzak barneratuz
Lagunak egiteko aitzakia ona da Auzoko, baina baita ikasteko ere. "Kalean elkar agurtuko dugu aurrerantzean, eta, gainera, batak bestearen kulturaz gehiago jakingo dugu".
Hala, egubakoitzetako hitzorduetan, jolasen bidez, eta aurrez definitutako hiztegi txiki baten bidez, egunerokoan erabil dezaketen euskarazko berbak tartekatzen dituzte, "euskaratik urrutik daudenak poliki-poliki gure hizkuntzara gerturatzeko".
Eta egun batzuetan kalera ere irten dira, eta orain arte, esaterako, herriko saltoki batzuen laguntza izan dute. "Egun batean fruten izenak ikasi genituen, eta ondoren, denda batek ateak ireki zizkigun eta euskarazko berbak erabilita erostera joan ginen. Jakiekin fruta-burruntzi goxoak egin genituen ondoren, eta amaiera borobila eman". Herritar ezberdinekin edukitako hartu-emanaren bidez jendeak elkar ezagutzen du eta sarea handitzen doa.
Bestalde, Arandok Auzokoren bidez asko ikasi duela gaineratu du. "Egitasmoa hasi aurretik plangintza egin genuenean, hemengo ikusmoldearekin zehaztu genituen gauza guztiak. Eta konturatu gara kultura ezberdinak elkartzerakoan, askotan, ez dutela gure aurreikuspenek funtzionatzen".
Esaterako, Aretxabaletako kasuan, gehienak emakumezkoak dira eta musulmanek, esaterako, publikotasuna desberdin bizi dute. "Kontuan hartu behar diren gauzak dira. Beste adibide bat: guk Auzoko egubakoitzetan 15:00etan izatea zehaztu genueneko pasartea. Aljeriako bikote bat interesatuta zegoen, baina egubakoitzak egun sakratuak dira haientzat, eta ordu hori otoitz ordua da".
Egitasmoak, iraungitze-data
Lauzpabost urteko bizitza duen egitasmoa izan gura du Auzokok. "Hain zuzen ere, modu naturalagoan harremanak izaterakoan desagertuko litzateke. Hori da asmoa, behintzat, helburu nagusia, eta amaierara irits dadin gura dugu, albiste ona izango litzateke-eta".
-----------------
Atzerritartasun Legeaz berbetan
Eguen honetan, martxoaren 14an, Arkupen, atzerritartasunaren gaineko legeari buruzko informazio saioa eskainiko dute. Azken urteotan Udaleko Gizarteratze Zerbitzuak antolatu duen saioa da eta 10:00etatik 12:00etara bitartean izango dela eman dute aditzera. Zalantzak argitzeko abagunea izango dute interesa duten herritarrek bi ordu horietan zehar, eta ez da soilik atzerritarrei zuzenduta egongo, haiekin hartu-emana duten guztiei ere egin diete dei parte har dezaten. "Oro har, legearen nondik norakoez gehiago jakin gura dutenei irekita dago". Eusko Jaurlaritzako Biltzen Zerbitzuko kide bat bertaratuko da Arkupera, interesa duten guztien zalantzak argitzen saiatuko da. Ez baitira gutxi izaten legearen aurrean izaten diren kezkak, eta ohikoenak nazionalitateari buruzkoak izaten dira, edota kanporatzeen ingurukoak, bai eta bizi edota lan egiteko baimenak eskuratzeko moduen eta egon daitezkeen zigor ezberdinen ingurukoak.
