Pilotalekua, merkealdien azoka erraldoi bilakatuta

Zuriñe Velez de Mendizabal 2013ko martxoaren 8a

Seigarren aldiz antolatu du Aretxarte Merkatari Elkarteak Ixadebalde. Bihar, zapatua, izango da, Iturrigorri pilotalekuan. Egun osoan bisitatu ahal izango da merkealdi azoka, gainera, 10:00etan irekiko baitute, eta 20:00etan itxi.

Aretxarteko hamalau denda egongo dira Ixadebalden bihar, eta asmoa udazkeneko eta neguko beherapenetatik geratzen zaizkien eskaintzak bertan salgai ipintzea izango dute. "Urtero ondo funtzionatzen duen azoka da, eta jendeak denetarik aurkitzen du bertan". Hala esan dio GOIENAri Aretxarte elkarteko lehendakari Idoia Elexpuruk.

Haurren arropak, mendikoak, zapatak... Denetarik aurkitu ahal izango dute pilotalekura bertaratzen direnek. "Baita taberna ere, zer edo zer hartzeko. Hala, erosketetan atsedenalditxo bat hartu eta indarberritzeko".

Gainera, produktuek ohi baino prezio baxuxeagoa izango dute, nahiz eta, salgaiaren arabera, beherapena handiagoa edo txikiagoa izango den. "Kasu askotan, %60koa edo handiagoa izatera irits daiteke".

Azken beherapenen aukera

Udaberriaren ataritan, erakusleihoetan sasoi horretarako arropak ikusten dira batik bat. Halere, denda barruetan oraindik merkealdietako arrastoak aurkitu daitezke.

"Gure dendan, gainera, Ixadebalde egin eta astebete gehiagoz mantentzen ditugu azken aukerak". Eta Elexpururen Belar Metan bezala, herriko beste hainbat saltokitan ere joera hori izan ohi dute.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak