Gaur gauean On eta Kokein taldeak Kurtzebarri ikastolako kantxan oholtza gainera igoko dira 22:00etan (euria egingo balu, berriz, Iturrigorrin).
On taldeko ahotsa eta gitarra da Itsaso Gutierrez, eta gaurko emanaldiaz egin dio berba Goienari: "Urte asko daramatzat musika munduan. Noski, rocka egiteko asmoa izan dut beti, baina emakumezkoen ikuspuntutik. Gure taldearen letretan emakumezkoen kezkak eta aldarriak nagusi dira, eta gaur moduko egun batetara primeran egokitzen dira. Gainera, ez On eta ez Kokein ez dugu bakarrik emakumeok osatzen, baina igarri egiten da emakumearen presentzia". Emanaldi indartsua eskaintzeko prest datoz Aretxabaletara.
Printzesa baten gorabeherak
Zapatu goiza umorez hasiko dute etxeko gazteenek. Hain zuzen ere, Virginia Imaz bergararrak 6 eta 8 urte bitarteko neska-mutilei Bigarren printzesa izeneko ipuina kontatuko die, 11:00etan hasita. Errege eta erregina baten bigarren alabaren istorioa gerturatuko die Imazek liburutegira bertaratzen direnei; bigarren izateaz nekatuta dagoen printzesaren gorabehera entretenigarriak, hain zuzen.