Makina bat arrazoi daude gaur kalera irten eta aldarrikatzeko

Zuriñe Velez de Mendizabal 2013ko martxoaren 8a

Martxoaren 8aren harira, Aretxabaletako Udalak 'Hamaika arrazoi dauzkagu kalera ateratzeko, konplexurik gabe, lotsarik gabe eta beldurrik gabe' adierazpena kaleratu du. Arratsaldean, agerraldia egingo dute Herriko Plazan, 18:00etan; aurretik, jatorri ezberdineko emakumeek tea hartuko dute elkarrekin, Udaletxe Zaharrean.

Aretxabaletako Udalak Hamaika arrazoi dauzkagu kalera ateratzeko, konplexurik gabe, lotsarik gabe eta beldurrik gabe adierazpena kaleratu du. Eta arrazoien artean prekarietatea, jipoiak eta gosea aipatzen ditu, baita emakumeei kuxkuxero, hitzontzi edo histeriko izatea egozten zaiela.

"Emakumeok ez gara histerikoak, ezta bigarren mailako gizakiak ere. Badakigu zer gura dugun: beste mundu bat, mundu hobea; konbentzituta gaude emakumeok eta gizonok batzuen zein besteen onerako izango den harreman eta bizikidetza eredu berri bat sor dezakegula elkarrekin". Eta honela jarraitzen du: "Emakumeok gure bizitzaren eta gorputzaren jabe izan gura dugu, bizimodu duina eduki, gure orain ekonomiko eta soziala eraiki, eta, edonon gaudela ere, subjektu politikoak eta etorkizun politikoaren zuzeneko eragileak izango gara".

Te-hartzea eta agerraldia

Jatorri askotariko emakumeek udaletxe zaharrean te-hartzea egingo dute gaur, 15:00etan; eta 18:00etarako, agerraldia deitu du herriko emakume taldeak, Feminismoaren bidetik, emakumeak libre!' lelopean, Herriko Plazan.

Udalaren adierazpena, osorik:

Hamaika arrazoi ditugu zoritxarrez kalera ateratzeko: Prekarietatea, pobrezia, diskriminazioa, jipoiak, bortxarketak, neskatilen salmenta (trafikoa), prostituzioa, esklabutza, gosea, itotzen gaituzten edertasunaren inguruko estereotipoak,… kuxkuxeroak omen gara , hitzontziak, histerikoak...

Ez, emakumeak ez gara histerikoak ezta bigarren mailako gizakiak ere. Badakigu zer gura dugun: beste mundu bat, mundu hobeago bat; konbentzituta gaude emakumeok eta gizonok batzuen zein besteen onerako izango den harreman eta bizikidetza eredu berri bat sortu dezakegula elkarrekin. Baina hori horrela izan dadin borrokatu egin behar dugu, bikote harremanetan, koadrilan, familian, lantegietan, eskoletan, osasun zentroetan eta noski baita kalean ere.

Urtero-urtero, martxoaren 8an emakumeok borroka feminista eguneratzen dugu, mundu berri bat sortzeko bidean.
Mundu berri horretan, emakumeok gure bizitzaren eta gure gorputzaren jabe izatea gura dugu, bizimodu duina izatea gura dugu, gure orain ekonomiko eta soziala eraikitzea gura dugu, eta, edonon gaudela ere, subjektu politikoak eta etorkizun politikoaren zuzeneko eragileak izango gara.

Hamaika arrazoi dauzkagu kalera ateratzeko, konplexurik gabe, lotsarik gabe eta beldurrik gabe.

Feministak gara eta harro gaude

Gora Martxoak 8!

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak