Euskaraz idazterakoan sortu izan den hainbat zalantzari erantzuna ematera dator, hala nola, beste hizkuntza batzuetan jatorria duten nazioarteko hitzen formak (iceberg, webgune, etab.), nazioartekoak izan ez arren erabilera zabala dutenenak (txupete), hainbat herrialdetako biztanleak adierazten dituzten hitzenak (hegosudandar, jubatar, etab.), arazo konplexuagoak izan ditzaketen forma berrienak (immunoeskasia, etab.) eta beste zenbait arazo zituztenak finkatzen ditu. Horretaz gain, lehendik arauturik zeuden forma batzuk ohar argigarriz eta xehetasunez osatu ditu.
Bi itzuli
Hiztegi Batua bi alditan egin du Euskaltzaindiak. Lehen itzulia 2000. urtean amaitu, eta lehen argitaraldia kaleratu zuen paperean, 20.000 euskal hitzen forma arautuekin. Hori Hiztegi Batuaren lehen itzuliaren bukaera izan zen. Ordutik hona, bigarren itzulian, forma gehiago arautzen joan da, eta emaitzak paperezko beste bi argitaralditan ematen; azkena 2010ean.
Oraingoan, 2012. urtearen bukaerara arte bigarren itzulia osatuz, arautu dituen forma guztiak jarri ditu Akademiak bere webgunean. Guztira 42.942 forma ditu orain Hiztegi Batuak (36.845 sarrera eta 6.097 azpisarrera), paperezko azken bertsioak baino 2.763 sarrera eta 508 azpisarrera gehiago.
2009tik hona, bultzada handia eman dio Euskaltzaindiak Hiztegi Batuari, horretarako sortu zuen Hiztegi Batua (2. itzulia) Batzorde Ahaldunduaren lanari esker.